NAIZ

Reala eta Alavesen arteko lagunartekoa ikusteko sarrerak eska ditzateke jada bazkideek

Realeko bazkideeek formulario bat bete behar dute taldearen webgune ofizialean eta, onartutako edukiera baino eskaera gehiago baldin badaude, zozketa egingo da. Lehen taldeak Anoetan ikusleekin jokatuko duen lehen neurketa izango da hamasei hilabeteko hutsunearen ondoren.

Oraindik asko falta da horrelako irudiak berriz ikusteko, baina larunbatean urrats txiki bat emango da bide horretan (Jon URBE / FOKU)
Oraindik asko falta da horrelako irudiak berriz ikusteko, baina larunbatean urrats txiki bat emango da bide horretan (Jon URBE / FOKU)

Realak eta Alavesek datorren larunbatean, uztailaren 24an, Reale Arena estadioan jokatuko duten lagunarteko partidaren albiste nagusia harmailetan egongo da, aspaldiko partez –hamasei hilabete publikorik gabe jokatzen– zaleek Anoetako neurketa bertatik bertara ikusteko aukera izango dutelako. Bada, talde txuriurdinak gaur eman du jakitera zer egin behar den sarrerak eskuratzeko.

Partida ikustera joan nahi duen bazkide bakoitzak sarrera bat eskatu ahal izango du Realaren webgune ofizialaren bidez. Formularioa betetzeko epea asteazkenean, hilaren 21ean, itxiko da, 12.00etan.

Sarrera kopuruaren banaketa, «unean baimendutako edukieraren araberakoa» izango dela adierazi du Realak, eta uztailaren 21ean eskaerak gehienezko edukiera gainditzen badu, zozketa egingo da izena eman dutenen artean. Emaitzak hilaren 21ean bertan, 16.00etan, jakinaraziko dira.

Gainera, klubak azaldu duenez, lehen lagunarteko honetarako sarrerak nori egokitu zaizkion kontuan hartuko da hurrengo biei begira. Hau da, edukiera mugen erruz jendea Anoetara joan ezinda geratu baldin bada, denek aukera hori izan arte inork ezingo du bigarren aldiz errepikatu.

Monacoren aurkako partidarako, uztailaren 28an 18.00etan, formularioa uztailaren 21ean aktibatuko da, 12.00etan. Eta Sansek Burgosen kontra uztailaren 31an, 19.00etan, jokatuko duen neurketaren formularioa uztailaren 26an aktibatuko da, 12.00etan.

Azkenik, kontuan izan behar da bazkideek ezin izango dutela beren ohiko eserlekuan eseri, sarreren plataforman aukeratu duten tokian baizik.

Kevin, min hartuta

Bien bitartean, Realak entrenatzen jarraitzen du, eta azken albistea Kevinen lesioa izan da. Taldeak jakinarazi duenez, hegaleko jokalariak ezker iztarreko giharra mindu zuen Huescaren aurkako larunbateko lagunartekoan, eta horregatik utzi behar izan zuen zelaia lehen zatian.

Kevin ez da arazo fisikoak dituen bakarra, Illarramendi, Guevara eta Monreal ere bakarka aritu baitira gaurko lan saioan. Horregatik, Imanolek Sanseko hainbat gazte deitu ditu lehen taldearekin entrenatzera, Turrientes, Pokorny eta Alex Sola, esaterako.