NAIZ

Polemika Donibane Lohizunen independentziaren aldeko manifestazioko gertakarien inguruan

Uztailaren 14ean Donibane Lohizunen independentziaren alde egin zen martxan Jean-François Irigoyen alkatearen eta manifestarien arteko tentsio uneak izan ziren. Irigoyenek eta bere alderdikideek gertatutakoa salatu dute eta herriko abertzaleek eta martxaren antolatzaile U14 kolektiboak ere.

Uztailaren 14ean Donibane Lohizunen independentziaren alde izan zen manifestazioa. (BOB EDME)
Uztailaren 14ean Donibane Lohizunen independentziaren alde izan zen manifestazioa. (BOB EDME)

Euskal Herriko independentziaren alde Donibane Lohizuneko karriketan uztailaren 14ean izan zen martxaren ondoren, Jean-François Irigoyen auzapezaren eta manifestarien artean izan ziren konfrontazioak direla eta alkateak eta bere alderdikideek agiriak kaleratu dituzte, gertatutakoa salatzeko. Bestalde, ekintzaren antolatzailea izan zen U14 kolektiboak gertatutakoaren kontakizuna eginez eta hautetsien jarrera salatuz idatzia atera dute, eta Herri Berri zerrenda abertzaleak alkatearen jarrera salatu du.

Independentziaren alde manifestazioak herria zeharkatu ondoren, manifestariek ‘Hau ez da Frantzia ezta Espainia ere’ pankarta jarri zuten herriko etxearen burni hesian zintzilik. Ondoren auzapeza bertaratu zen, herriko etxera sartu zen frantses banderaren xingola jarri eta pankarta kendu zuen tentsio momentuak bizi zirelarik.

Hori eta gero udaletxera sartzear zegolea eskuaren erdiko hatza altxatuz keinua egin zien manifestariei, eta horren bideoa zabaldu da sare sozialetan. Ondoren, lehenagotik bertaratu zen Poliziaren begiradapean manifestariek banderola jarri zuten berriz.

Horretaz gain gertatutakoaz kontakizun ezberdinak egin dituzte eragileek.

Alkatea eta bere alderdikideak

Irigoyenenek «nire egia, nire gain hartzen dut» dioen agiria kaleratu du, bertan eskailera baten laguntzarekin manifestariek udalean zegoen bandera kentzeko saiakera egiten ari zirela baieztatu du. «Pertsona batek zaflako bat eman dit, eta ez dut erantzunik eman», gehitu du.

Manifestarien ideiak kritikatzen ditu bertan, «funtsean beharrean forman eraikiak» izan direla adieraziz, baita garai batekotzat joz ere.

Konfrontazioen ondoren, Irigoyenek herriko etxera sartzean eskuaren erdiko hatzamarra aterata keinua egin izanari buruzko aipamenik ez du egiten agirian, aldiz bere jokabidea erakutsiz sare sozialetan zabaldu den bideoaren erabilpena, eta horren berri eman duten hedabideak kritikatzen ditu.

Alderdikide dituen Claude Olive Angeluko auzapezak eta Max Brisson senatariak ere agiriak kaleratu dituzte gertatutakoa salatzeko, eta Irigoyeni sostengua emateko.

Lehenak gertakera «arras larria» dela erran du, eta bigarrenak «Frantziaren kontrako eta Errepublikaren hautetsi baten kontrako ekintzak ezin direla eta ezin ditugula onartu» adierazi du. Azken honek, «Euskal Herrian desagertua zela uste genuen tentsio klima ekartzen duten ekintzak» direla gaineratu du.

Herriko abertzaleen erantzuna

Bestalde, Herri Berri Doninbane Lohizuneko zerrenda abertzaleak, auzapezak errandakoak salatzeko agiria kaleratu du. «Erreza da, beranduago, agresibitatea, baita bortizkeria ere asmatzea herriko karriketan manifestatzeko asmoa besterik izan ez duten manifestarien eskutik».

Alkateak zaflakoa jaso izana gezurtzat jotzen dute, «bestela izan balitz, bertan zegoen Poliziak esku hartuko zuen». Gaineratu dute, Irigoyen banderola kentzera joan izan ez balitz, dena lasaitasun osoz gertatuko zela.

Jokamolde horren bitartez adierazpen askatasunaren eskubidearen mugatzea salatu dute. Azkenik eria atera izana «jokamolde lotsagarritzat» hartu dute.

U14 kolektiboa

Kolektiboak ere agiria atera du, gertaeren inguruan ‘Sud Ouest’ egunkariak argitaratu zuen artikuluari erantzuntez. Bertan, lasaitasun osoz izandako manifestazioaren ondoren jendea joaten ari zen momentuan auzapeza pankarta kentzera etorri zela eta «tentsio momentu horiek» hori gabe sahiestu ahal izan zirela baieztatu du.

Aldi berean, Estatu frantsesaren koloreak zeramatzan hautetsiak hatza atera izanaren sinbolismoa nabarmendu dute. Ipar Euskal Herriaren egun bizi den egoeraren irakurketa kritikoa egin ondoren, idatzia amaitu dute. «Hau ez da Frantzia, Euskal Herria da! Euskal Herria ez da salgai!» aldarrikapenarekin, eta gaineratu dute kolektiboa ez dela ez alderdiren baten ezta erakunde baten parte erranez.

EAJ-PNB

Kostako herriko Herriko Etxearen gehiengoko taldean dagoen EAJ-PNB alderdiak ere agiria kaleratu du «bortizkeriak kondenatzen eta deitoratzen» dituela salatzeko. «Irigoyen jaunari irain egin diote eta lelo anti-frantsesak bota gazte batzuek, berak bortitzkeririk gabe erantzunez» gertatu zela baieztatu dute.

«Bere ihardokitzeak jarrera anti-euskaldun batekin ez du ezer ikustekorik» ere nabarmendu dute.