NAIZ
GERNIKA

Gernikan atzo zendutako langilearen heriotza salatu dute

Atzo, aldamioan lanean ari zela bihotzekoak jo ondoren, Gernikan hil zen beharginaren heriotza salatzeko elkarretaratzea egin dute herrian bertan, «langileen bizia eta osasuna lehentsiko dituen» lan eredu baten beharra nabarmenduz.

Astelehen honetan, Gernikan, 66 urteko Muruetako eraikuntzako langile bat hil egin zela salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian bizkaitar herrian, Sortu, Ernai eta Lab sindikatuak deituta. Eraikin bateko aldamioan lanean ari zela eman zion biotzekoa gizonezkoari.

Bertan, ‘Lan heriotz gehiagorik ez’ zioen pankarta baten atzean, gogora ekarri dute 33 direla dagoeneko Euskal Herrian, aurten, hildako langileak eta elkartasuna helarazi nahi izan diete guzti hauen senide, lagun zein lankideei.

Atzokoa istripu «ez traumatikoa» izan zen eta, nabarmendu dutenez, holakoak bihurtu dira, dagoeneko «heriotzen lehen gauzatzaile» eta aurten zazpi behargin hil dira modu honetan. «Lan istripuak ez dira zoriz edo kasualitatez gertatzen. Ematen diren lan harreman eta prekariazioaren ondorioa dira», azpimarratu dute. «Istripu honen eta lan istripu guztien atzean langileen lan baldintzak daude, lan baldintza txarrak, hala nola lan-erritmo altuak, presioak eta autoritarismoa, estresa eragiten dutenak eta horren ondorioz langileengan patologia ugari sortzen dituztenak», salatu dute.

«Kapitala behin eta berriz jartzen da bizitzaren gainetik», gehitu dute. Gizarteari ere dei egin nahi izan diote, «odolustutze honekin amaitzeko, borroka eta antolakuntza» bide bakarra direla adieraziz. Modu horretan, «langileen bizia eta osasuna lehentsiko dituen» lan eredu baten beharra nabarmenduz.