NAIZ
GASTEIZ

Industria BGParen %40 baino gehiago izateko helburua jarri du Lakuak

Ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko planaren baitan Barne Produktu Gordinaren %40 baino gehiago manufaktura-industriak eta zerbitzu aurreratuek osatzeko helburua jarri du Lakuako Gobernuak. 

Arantxa Tapia, Gasteizko Legebiltzarrean. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Arantxa Tapia, Gasteizko Legebiltzarrean. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Lakuako Gobernu Kontseiluak Industria Garatzeko eta Nazioartekotzeko 2021-2024 Plana onartu du astearte honetan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako «ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko tresna nagusia» izango den planak «garapen eredu iraunkor eta inklusibo baten alde egiten du, eta epe labur, ertain eta luzean eragina izango duten neurriak jasotzen ditu».

Industriak BPGaren %40a gainditzeko helburu hori 2019ko azken datu ofiziala baino puntu eta erdi gehiago da, pandemiak eragindako krisia agertu aurretik, sektore hori EAEko ekonomiaren bolumen osoaren %38,5era iritsi baitzen.

Gainera, 2024an esportazioak BPGren bolumen osoaren herena izatea nahi du Gasteizko Exekutiboak.

Horiek dira Arantxa Tapia Lakuako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak aurkeztu duen 2021-2024 Industria Garapen eta Nazioartekotze Planaren helburuetako bi.

Adierazi duenez, 2017-2020 aldiko Enpresak Nazioartekotzeko aurreko Planak euskal esportazioen bilakaera indartzen lagundu zuen, %17,5 baino gehiago hazi baitziren 2016 eta 2019 artean (21.616 milioi eurotik 25.397 milioi eurora, 2019an), iaz covid-19ak sortutako krisiak kolpatu zuen arte.

2024rako helburu nagusiak hauek izango dira: aldiaren amaieran esportazioek BPGren herena ekartzea, EAEko enpresek atzerrian hazteko duten joera handitzea eta nazioartekotzea sustatzeko zerbitzuen proiektuen kopurua %10 handitzea.

Tapiak azaldu duenez, AEBek lehentasunezko merkatua izaten jarraituko dute, Alemania, Estatu frantsesa eta Erresuma Batuaz gain, baina planak Asiako merkatuen aldeko «apustu sendoa» egiten du.

Hori dela eta, urte honen amaieran, Nazioartekotzeko Euskal Agentziak ordezkaritza komertzial berri bat irekiko du Japonian, eta Hego Korean bigarren bulego bat izatea aurreikusten du.

Bi helburu nagusi horiekin batera, planak I+G arloko konbergentzia lortu nahi du Europako batez bestekoarekin, enpresa teknologikoen sorrera %10 handitu nahi du eta EAE «nazioarteko startup-en ekosistema traktore» gisa kokatu nahi du, trantsizio energetiko-klimatikoarekin, teknologiko-digitalarekin eta demografiko-sozialarekin lotutako esparruetan jarduera berriak sortzeaz gain.

Tapiak azaldu duenez, industriak digitalizazioaren hobekuntzari erantzun beharko dio, ingurumen eta energia aldetik jasangarriagoa den ekoizpen sistema batekin.

Sektorearen aurreikuspenak onak direla eta ireki daitezkeen aukerak «bikainak» direla esan du sailburuak.

Basque Artificial Intelligence Center

Aurreikuspen horiek indartze aldera, uztail honen amaieran Basque Artificial Intelligence Center (Eusko BAIC) elkartea eratuko da. Enpresa-elkarte pribatu horrek Lakua izango du eragile sustatzaile hasieran. Digitalizazioari, teknologiari eta iraunkortasunari lotutako zerbitzu aurreratuak sartu ezean, ezin dela produkzio garapenik egin azpimarratu du sailburuak.

Lakuak astearte honetan onartu du Eusko BAICen eraketa, eta helburua EAEn adimen artifiziala garatzea da, enpresen lehiakortasuna eta gizartearen ongizatea hobetzeko.

Jarduera zehatz gisa, egoeraren araberako zailtasunak dituzten enpresei laguntzea eta berrindustrializatzeko beharra duten eremuak bultzatzea izango da planaren xedea.

Trantsizio energetiko-klimatikoaren alde egingo du, hidrogenoaren ekonomiarekin, energiaren biltegiratzearekin eta erregai eraginkor berriekin, aukera-eremu gisa.

Eraldaketa digitalari dagokionez, zibersegurtasunean, adimen artifizialean eta konputazio kuantikoan jartzen da arreta.

Hirugarren eraldaketari, demografia-sozialari, dagokionez, Lakuak aukeratzat hartzen ditu osasun digitala, elikadura osasungarria eta autozainketa, zahartze osasuntsuarekin eta etxerako, mugikortasunerako eta aisialdirako teknologia lagungarriekin lotutakoa, besteak beste.

Eraldaketa horiei laguntzeko, 2021-2024 planak prestakuntza-eskaintza eskatzen duten lanbide-profil berrietara eta EAEko azpiegituren garapenera egokitzea planteatzen du. Horren harira, Tapiak iragarri du 60 milioi euroko inbertsioa egingo duela lurrak deskontaminatzeko eta aukera berriak eskaintzeko.

Era berean, lehendik dauden industrialdeak hobetuko dira, 5G teknologia ezarriz eta eraginkortasun energetikoa eta energia berriztagarriak sortzeko instalazioak hobetuz.