NAIZ

Joan Mari Torrealdai omenduko dute hilaren 30ean, bere heriotzaren lehen urteurrenean

Joan Mari Torrealdairi omenaldia egingo diote datorren ostiralean, hilak 30, Martin Ugalde Kultur Parkean, Andoainen. Bertan Torrealdaik euskal kulturari egindako ekarpena aztertu eta bere figura oroituko dute. 

Joan Mari Torrealdai, Urrezko Luma saria jaso zuenean, 2018an. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Joan Mari Torrealdai, Urrezko Luma saria jaso zuenean, 2018an. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Urtebete pasa da jada Joan Mari Torrealdai kazetari, idazle, soziologo eta euskaltzaina zendu zenetik. Pandemia zela eta, iaz ezin izan zen omenaldi ekitaldirik antolatu. Hortaz, datorren ostiralean, uztailaren 30ean, omenduko dute Torrealdai Andoiango Martin Ugalde Kultur Parkean. Ekitaldian hainbat hitzaldi egongo dira eta Torrealdaik euskal kulturari egindako ekarpena izango dute hizpide.

Martin Ugalde Kultur Parkea leku zinez sinbolikoa da ekitaldirako. Izan ere, Torrealdai ‘Euskaldunon Egunkaria’ren Administrazio Kontseiluko kidea eta lehendakaria izan zen. Baita ‘Jakin’ aldizkariko zuzendaria ere.

Hori horrela, goizeko 10.30etik 13.00etara Torrealdai jardunaldiak ospatuko dira bere ekarpena alorrez alor aztertzeko. Jardunaldian hainbat adituk hitzaldiak emango dituzte, hala nola: ‘Torrealdai: euskara eta euskalgintza’; ‘Torrealdai: liburugintzaren ikerketa’; ‘Torrealdai: liburua eta zentsura’ eta ‘Torrealdai: euskal kazetaritza’.

Hizlariak Dabid Anaut euskal filologoa, Xabier Eizagirre filosofoa eta ‘Jakin’eko erredakzio burua, Lourdes Otaegi hizkuntzalaria eta Imanol Murua kazetaria eta ‘Jakin’ taldeko kidea izango dira, hurrenez hurren.

Gero, arratsaldeko 17.30ean omenaldi ekitaldia hasiko da, zeina Mikel Urdangarinek, Manex Torrealdaik eta Kattalin Zubizarretak musikatuko duten. Horretaz gain, Andoni Egaña eta Oihana Iguaran bertsolariek ere hartuko dute parte. Musikari eta bertsolariekin tartekatuz, euskaltzainaren lankide, lagun eta senideek hartuko dute hitza.

Jardunaldietan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea edukiera kontua dela eta.