NAIZ
Pekin

Ura bularreraino metroko bagoietan, Txina erdialdeko uholde larrietan

Txina erdialdeko Henan probintziak azken hiru egunetan jasan dituen euriteek 25 hildako eta zazpi desagertu eragin dituzte momentuz. Horrez gain, irudi izugarriak utzi dituzte, esaterako, urak hartutako metro bagoietan ikusitakoak.

Urak ehunka auto eraman eta pilatu ditu Henan probintziako hiriburuan, Zhengzhoun. (AFP)
Urak ehunka auto eraman eta pilatu ditu Henan probintziako hiriburuan, Zhengzhoun. (AFP)
Zhengzhou hiriko kaleak, urak hartuta. (AFP)
Zhengzhou hiriko kaleak, urak hartuta. (AFP)
Metroko bagoi bat, urez betea. (AFP)
Metroko bagoi bat, urez betea. (AFP)
Herritarrak metroan, ura bularretik daukatela. (AFP)
Herritarrak metroan, ura bularretik daukatela. (AFP)
Herritarrak, uholdeek eragindako kalteei begira. (AFP)
Herritarrak, uholdeek eragindako kalteei begira. (AFP)
Indar gutxiagoz bada ere, oraindik euria ari du Zhengzhou hirian. (Noel CELIS/AFP)
Indar gutxiagoz bada ere, oraindik euria ari du Zhengzhou hirian. (Noel CELIS/AFP)
Gizon bat, urak eramandako autoz inguratuta, zigarro bat erretzen. (Noel CELIS/AFP)
Gizon bat, urak eramandako autoz inguratuta, zigarro bat erretzen. (Noel CELIS/AFP)
1,4 milioi pertsona inguru kaltetu dituzte uholdeek. (AFP)
1,4 milioi pertsona inguru kaltetu dituzte uholdeek. (AFP)
Larrialdi zerbitzuak, erreskate lanetarako prestatzen. (Jade GAO/AFP)
Larrialdi zerbitzuak, erreskate lanetarako prestatzen. (Jade GAO/AFP)

Alemanian eta Belgikan berriki izan diren uholde larrien ondorioak zenbatzen ari diren bitartean, Txina erdialdeko Henan probintziak egoera lazgarria eragin dute orain uholdeek. 

Asteartera arte, inor gutxik pentsa zezakeen euriteak hainbesterakoak izango zirela, baina bart Henan probintziako hiriburutik, Zhengzhoutik, lehen irudiak argitaratzen hasi zirenean, Txinako sare sozialetan alarma guztiak piztu ziren.

Asteburutik gertatzen ari zen bezala, asteartean ere euri jasa handiak bota zituen hirian, baina arratsaldeko laurak eta bostak bitartean metro karratuko 201,9 lietro zenbatu zituzten, ordura arte hamar milioi biztanle dituen Zhengzhoun eta Txina osoan inoiz erregistratutako kopuru handiena.

Datuak daudenetik, hirian jazotako prezipitaziorik handiena 1975ean izan zen: 198,5 milimetro orduko eta metro karratuko.

Astearte gauetik bereziki, Txinako Weibo sare soziala eta herrialdeko komunikabideak irudi ikaragarriak ari dira zabaltzen: urak eramandako ehunka auto, urpean geratutako kale eta tunelak…

Denen artean, baina, bada nazioartean ere arreta eman duen irudi bat: metroa ere ibai bilakatu zen eta bidaiariak ura bularrera arte zeukatela ikus daitezke. Horixe zen, hain zuzen, hirian funtzionatzen zuen garraio publiko bakarra. Autobusak, elektrikoak izanik, zerbitzuz kanpo utzi zituzten.

Eguraldiaren iragarpenek eurite handiak eman dituzte gaur eta ostirala bitartean Zhengzhoun eta Henanen, baina oraingoz ez dira hain gogorrak izan, eta horrek nolabaiteko normaltasuna berreskuratzea ahalbidetu du hirian eta probintzian.

‘Global Times’ egunkariaren arabera, hildakoak 25 dira eta zazpi lagun daude desagertuta. Era berean, uholdeek 1,24 milioi pertsona baino gehiago kaltetu dituzte, haietako 36.000ri kalte larriak eraginez, bertako Gobernuak jakinarazi duenez. 160.000 lagun inguru ebakuatu behar izan dituzte beren etxeetatik.

Hiriburuko hainbat ospitale argindarrik gabe geratu dira uholdeen ondorioz, eta horrek zaurituen arreta zaildu du. Tokiko hedabideek 600 zauritu larri zenbatu dituzte, eta probintziako edo hiriko beste osasun-zentro batzuetara eraman behar izan dituzte.

Armadako 1.800 soldadu eta 250 ontzi Zhengzhoura eta Henango beste gune batzuetara bidali dituzte erreskate lanetan parte hartzeko, Txinako Larrialdiak Kudeatzeko Ministerioaren arabera.