NAIZ

Valentina Morisoli eta Gaizka Astorkizaga presoak fidantzapean aske geratuko dira

Gaizka Astorkizaga eta Valentina Morisoli euskal presoak aske geratuko dira fidantzapean, espetxean zortzi hilabete igaro eta gero, Tinko Amnistiak helarazitako ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Valentina Morisoli eta Gaizka Astorkizaga euskal presoak aske geratuko dira, 5.000 fidantza ordainduta. Horrela jakinarazi du Tinko Amnistiak ohar baten bidez eta sare sozialen bidez haien inguruko informazioa zabaltzeko profilek ere txalotu dute berria.

Morisoli eta Astorkizaga iazko azaroan atxilotu zituen Ertzaintzak Usansolon eta Ibarrangelun, espainiar Auzitegi Nazionalaren aginduz. Epaitegi honek bi tren geltokitan «sabotaje ekintzak» egitea, «terrorismoa goratzea» eta «talde armatuarekin lankidetzan aritzea» (zein talderi buruz ari zen zehaztu gabe) leporatuta, espetxeratu egin zituen. Ordutik, zortzi hilabete igaro dituzte espetxean bi euskal herritarrek.

Efe agentziak atxiloketen ostean zehaztu zuenez, egozten zitzaizkien ekintzak azaroaren 10ean eta 12an Muxikako eta Foruko bi tren geltokitan egindako sabotajeak eta pintaketak dira, eta bere garaian gose eta egarri greban zegoen Iñaki Bilbao Goikoetxea presoaren inguruko mezuengatik «terrorismoa goraipatzea» erantsiko litzaioke.

Valentina Morisoli Zaballako espetxean zegoen, maiatzean Espetxe Zuzendaritzak Madrilgo Alcala-Mecotik lekualdatu ostean. Gaizka Astorkizagak, aldiz, Soto del Realen urrunduta eman ditu kartzelan igarotako hilabete hauek.