NAIZ

36 feria atrakzio eta 12 txurro-dendaren instalazioa baimenduko du Bilboko Udalak

Abuztuaren 16tik 31ra bitartean, Bilboko Udalak umeentzat 36 feria-atrakzio eta 12 txurro-dendaren instalazioa baimenduko du. 90 ferialari aurkeztu dira Udalak martxan jarritako guneen esleipen zozketara.

Feria atrakzio bat. (Juanan RUIZ/FOKU)
Feria atrakzio bat. (Juanan RUIZ/FOKU)

Abuztuaren azken bi asteetan Bilbon txurro-denda edo feria-atrakzioa instalatzeko baimena lortzeko xedez, 90 pertsonak aurkeztu dute eskabidea Bilboko Udalean. Interesa erakutsi dutenen artean, zozketa baten bidez ebatzi dute zein 36 atrakzio jaberi eta 12 txurro-dendariri eman Aste Nagusiarekin bat egingo luketen datetan beraien atrakzio eta dendak muntatzeko baimena.

Baimenekin, Udalaren asmoa ferialariei aurtengo udan lan egiteko aukera ematea da. Betiere, LABIk ezartzen dituen osasun eta segurtasun neurriak betez.

Ferialariak Bilboko zortzi barrutietan zehar egongo dira sakabanatuta: Botikazar Erriberako plazan eta Levante plazan, Jesus Insausti plazan eta Zurbaranbarri auzoan, Kepa Enbeita plazan, Polboretxebidea eta Basarrate landan, Ibaieder parkean, Indautxu plazan, Errekalde plazan, Zankoeta Kaleak eta Sabino Arana Etorbideak bat egiten duten lekuan eta Azoka plazan.

Barruti bakoitzean hiru atrakzio eta txurro-denda bat jarri ahalko dira gehienez data horietan. Hala ere, denbora tarte horretatik kanpo barruti bakoitzean bi edo hiru atrakzio ipintzeko aukera zabalik utziko du Udalak kultur ekitaldi edo asteen ospakizunen markoaren barruan baldin bada.

Hori horrela, Espazio Publikoaren Zuzendaritzak banan-banan aztertu eta ebaluatuko ditu Bilboko auzo desberdinetako Jai Batzordeek egindako eskaerak. Atrakzioez gain, Irailaren 1etik 30era bitartean Etxebarria parketan Italiar Zirkua egongo dela jakinarazi du udalak.

Bilboko konpartsak

Atrakzioak ez dira Aste Nagusia ospatuko litzatekeen datetan Bilbo alaituko duten bakarrak, Konpartesek ‘Irria’ kulturaldia antolatu baitute abuztuaren 26tik 29ra.

Kulturaldiaren xedea, Bilbori «irria itzultzea» izango da kultur eredu feminista, parte-hartzaile, herrikoi eta euskaldunean oinarrituz.

‘Irria’ kulturaldiaren baitako ekintzak goiz eta arratsaldez izango dira. Era berean, espazio irekietan antolatuko dira beti ere covid-19a ekiditeko segurtasun neurri guztiak betez.