NAIZ

Ezkerraldeko plan estrategikoak aurrekontu eta parte-hartze falta izan duela dio EH Bilduk

Koalizio abertzaleak ohartarazi du alde batetik, hiru urtetarako 277 milioiko inbertsioa ez dela nahikoa Ezkerraldea-Meatzaldea eta Enkarterri eskualdeetarako. Bestetik, parte-hartze herrikoia ez omen zen ondo komunikatu.

Iker Casanova eta EH BIlduko kideak. (vía Twitter @EHBilduBaraka)
EH Bilduko kideak, gaurko agerraldian. (@EHBilduBaraka)

Pasa den uztailaren 12an, Bizkaiko Aldundiak eta Lakuako Gobernuak Ezkerraldea-Meatzaldea eta Enkarterri eskualdeetarako garatu dituzten Eskualdeko Plan Estrategikoak (EPE) aurkeztu zituzten. EPE horrek 277 milioi euroko aurrekontua izango luke hiru eskualdeentzat, hiru urtean zehar erabiltzeko. EH Bilduk gaitzetsi du aurrekontu hori ez dela nahikoa eta herritarrek ez dutela plana definitzeko prozesuan parte hartu.

«EPE hauek ez dute eskatutakoa betetzen, ez forman, ez funtsean», azaldu du Bea Ilardia Batzar Nagusietako bozeramaileak. Ilardiak gehitu du plan horrek ez duela «benetako parte-hartzerik, ikuspegi integralik ezta baliabide ekonomiko nahikorik».

Era berean, gaineratu du garapen sozioekonomikorako planaren helburua «gobernuen propaganda egitea» dela, herrialde behartsuenetan gauzak egiten direlakoaren itxura eginez.

Herritarren parte-hartzeari dagokionez, EH Bilduk azaldu du parte-hartzeko gonbidapena hitzordua baino bi aste lehenago argitaratu zela Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean. Eraginkorra ez den komunikazio metodo bat erabiltzearen ondorioz, parte hartu nahiko luketen herritar asko hitzorduaz ohartu gabe gelditu zirela aurpegiratu die koalizioak Lakuari eta Bizkaiko Foru Aldundiari.

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidearen aburuz, «Gobernuak eta Aldundiak egin dutena, funtsean, bere buruarekin eta bere lagunekin hitz egitea da, benetako parte-hartze prozesu bati bizkarra emanez».

Hala ere, Casanovak uste du plan horien gauzarik «larriena» eduki falta dela, eskualde horien bilakaera ekonomikorako funtsezko alderdiak kanpoan uzten omen baititu. Hori horrela, praktikan, trakzio-proiektuen inguruan gutxieneko zehaztasun maila bat baino ez dela dio EH Bilduk.

Egoera hori izanik, EH Bilduk udaletan hainbat ekimen aurkeztuko dituela aurreratu du. Lehenik eta behin, sei hilabeteko epean Urkulluren Exekutiboari eta Foru Aldundiari osoko planak eskatzea aurreikusten du. Bigarrenik, «benetako» parte-hartze prozesu bat martxan jartzea. Horretarako, plan horiek gobernantza sistema ireki eta parte-hartzaile baten bidez garatuz.