NAIZ

Aske geratu dira joko-aretoetan kalteak eragitea egotzita Sopelan atxilotutako hiru lagunak

Polizia espainiarrak hiru gazte atxilotu ditu Sopelan ostegun goiz honetan, joko aretoetan kalteak eragitea leporatuta. Arratsaldean aske geratu dira baina, hala ere, atxiloketak salatzeko elkarretaratzea egin dute Sopelako plazan 18.00etan.

Ernaik eta beste hainbat eragile sozialek sare sozialetatik jakinarazi dutenez, polizia espainiarrak hiru gazte atxilotu ditu Sopelan gaur goizean eta beste baten bila joan da etxera, azkenean eraman ez badute ere.

Goiz osoa atxilotuta eman ostean, arratsaldean askatu dituzte. Operazioa espainiar Poliziak burutu badu ere, aurretik jada prozedura judizial bat irekita zegoen, Ertzaintzaren ikerketa baten ondorioz.

«Joko aretoek sortzen duten miseriagatik» atxilotu dituztela adierazi du Ernai gazte antolakundeak. Atxiloketak salatzeaz gain, operazioa espainiar Poliziak burutu izanaren «larritasuna» nabarmendu du: «Euskal Herrian nahi eta behar ez ditugun hauek gure etxeetan sartu eta herritarrak bahitzen jarraitzen dute. Aski da! Joan daitezela! Utzi bakean!».

Sopelako EH Bilduk ere ohar bat argitaratu du atxiloketak salatuz. «Atxiloketa horiek Euskal Herrian lekurik izan behar ez lukeen indar arrotz eta errepresibo batek egin izana ere, hots, Polizia Nazionalak, oso gertaera larria eta onartezina da», adierazi du koalizio subiranistak.

Sortu, Eragin eta Sare Antifaxista eragileek, besteak beste, ere salatu dituzte atxiloketak.

Elkarretaratzea

Atxiloketak salatzeko elkarretaratze jendetsua egin dute Sopelako plazan 18.00etan. Atxiloketek borroka eta antolakuntza «kriminalizatzea» helburu dutela eta herri mugimenduaren kontrako «zuzeneko erasoa» izan dela nabarmendu dute.

«Denok ezagutzen ditugu joko aretoek eta apustu etxeek langile klasean eta sektore pobreenetan dituzten ondorioak. Gutxi batzuk aberasten jarraitzen dute beste asko miseriara kondenatzen gaituzten bitartean. Apustu etxeetan norbanakoarentzako irtenbide magikoak saltzen dizkiguten bitartean, elkartu, antolatu eta erantzun kolektiboen alde borroka dezagun ekidin nahi dute. Guk argi daukagu: antolakuntza eta borroka dira bidea», adierazi dute mobilizazioaren antolatzaileek.

Era berean, Polizia espainiarraren eskuhartzea salatu dute: «Gure etxeetan sartu eta euskal herritarrak bahitzen jarraitzen duten indar armatuak soberan ditugu gurean. Ez zaituztegu nahi, ez zaituztegu behar. Utzi bakean Euskal Herria!».