NAIZ

Euriak eragindako lur-jausiek eta uholdeek gutxienez 72 hildako utzi dituzte India mendebaldean

Gutxienez 72 pertsona hil dira Indian euri-erauntsiek eragindako uholde eta lur-jausiengatik. Agintariek 600 erreskate baino gehiago egin dituztela baieztatu dute, eta 50 pertsona inguru daude oraindik harrapatuta edo desagertuta kaltetutako eremuetan.

India mendebaldeko uholdeek kaltetutako zenbait pertsonaren erreskatea. (NDRF/AFP)
India mendebaldeko uholdeek kaltetutako zenbait pertsonaren erreskatea. (NDRF/AFP)

Gutxienez 72 pertsona hil dira Indiako mendebaldeko Maharashtra estatuan azken orduetan izandako euri-erauntsiek eragindako lur-jausien ondorioz, tokiko agintariek jakinarazi dutenez.

Indiako NDTV telebista-kateak zabaldutako informazioaren arabera, Konkan eskualdea da kaltetuena, uholdeek milaka pertsona harrapatu baitituzte. Bestalde, agintariek helikopteroak zabaldu dituzte kaltetuak ebakuatzeko Raigad eskualdean, Bombaytik 70 kilometrora.

Batez ere Maharashtrako estatuan eta hiriburuan (Bombay) izan dira heriotzak. Hildakoen artetik 47 Raigaden erregistratu dira, Sagar Pathak tokiko hondamendien kudeaketaren arduradunak adierazi duenez. Hogeita hamasei lagun hil dira herri bakar batean, Taliye, lurpean geratu ostean.

«Zubi suntsituak, eraikinak, etxeak...», deitoratu du larrialdietako arduradunak. Azken orduetan 600 erreskate baino gehiago egin dituztela baieztatu dute, eta 50 pertsona oraindik ere harrapatuta edo desagertuta daude kaltetutako eremuetan, azken 40 urteetan erregistratutako euri-erauntsi bortitzenaren ondorioz.

Agintariek harrapatuta geratu direnei eskatu diete teilatuetara edo gune altuetara joateko, erreskate-taldeek ebakuatzeko ikus ditzaten.

Lehen ministro indiarra, Narendra Modi, «larrituta» agertu da lur-irristatzeen ondorioz hildakoengatik, eta doluminak eman dizkie biktimen senideei.

«Euri-jasen ondorioz Maharashtran dagoen egoera hurbiletik aztertzen ari gara, eta kaltetuei laguntzen ari gara», esan du Modik.