NAIZ

Goikoetxea Reala eta Osasunako jokalari ohiari omenaldia, V. Euskal Herria Txapelako finalean

Ostiral honetan aurkeztu da, Irungo Gal Stadiumean, datorren abuztuaren 6an jokatuko den partida. Publikoarekin jokatuko da V. Euskal Herria Txapela, beti ere agintariek ezarritako neurriak zorrotz beteta. Sarrerak salgai daude dagoeneko ehkirola.eus webgunean, 10 eta 20 eurotan.

Jon Andoni Goikoetxea, V. Euskal Herria Txapelako kopa eta txapelarekin, Igor Emery eta Kike Zurutuzarekin batera. (Jon URBE/FOKU)
Jon Andoni Goikoetxea, V. Euskal Herria Txapelako kopa eta txapelarekin, Igor Emery eta Kike Zurutuzarekin batera. (Jon URBE/FOKU)

Irungo Gal Stadium futbol zelaiak hartu du ostiral honetan V. Euskal Herria Txapelako finalaren aurkezpena. Iaz bezala, Reala eta Osasuna –2020-21 denboraldian, elkarren aurka jokatzen dituzten derbietan, Ligako puntu gehien atera zituzten bi talde euskaldunak– arituko dira bertan datorren abuztuaren 6an, 20.30ean (ETB1 telebista kateak zuzenean emango du partida). 

Finala aurkezteko, Igor Emery Real Unioneko presidentea, Jon Andoni Goikoetxea Realeko eta Osasunako jokalari ohia eta Kike Zurutuza Euskal Herria Kirola elkartearen ordezkaria aritu dira.

Aditzera eman dutenez, finalaren atarian omenaldi xumea egingo zaio Jon Andoni Goikoetxeari. Berak egingo du ohorezko sakea eta txapela jarriko dio irabazleari. «Bi klub hauetan egindako ekarpena eta euskal kirolean utzi digun jokaera eta irudia txalotu besterik ez daukagu», azpimarratu dute Euskal Herria Kirolatik.

Duela egun batzuk jakinarazi zutenez, partida publikoarekin jokatuko da, «beti ere agintariek ezarritako neurriak zorrotz beteta», adierazi dute. Sarrerak salgai daude dagoeneko ehkirola.eus webgunean, bai eta Realaren dendetan eta Real Unionen bulegoetan ere. Tribunako sarreren prezioa 20 eurokoa izango da, eta zelaiaren alboetako harmailetan zutik ikusteko sarrerak, berriz, 10 euroko prezioa izango du.

Futbol zelaia

Jokoari dagokionez, 5 aldaketa bakarrik onartuko dira eta, berdinketarekin amaituz gero, ez da luzapenik izango. Zuzenean penaltiak jaurtiko dira norgehiagoka erabakitzeko. Iaz Realak irabazi zuen Willian Josek partida hasi eta ordu erdira sartutako gol bati esker.

Bestalde, Irun eta Stadium Gal aukeratu izana «ez da kasulitatea izan», aipatu dute aurkezpenean. Real Unionek norabide berri bati edo berritu bati ekin dio Emery familiari esker. «Klub historiko honek oinarrian darama Irunek duen zubi hiria izaera, eta bere horretan jarraitzeko asmoarekin ari da ibilbide berrian ere, mugaz gaineko zubi hiria zabaltzen alegia. Norabide horretan bat egiten du Euskal Herria Kirolak elkarteak eta bete-betean bat egiten du Euroeskualdearen helburuarekin», adierazi du Euskal Herria Kirolakek.

Euroeskualdearen xedeak hedatu aldera, Euskal Herria Kirolaken asmoa da final honetako irabazleak Akitania Berriko talde baten aurka jokatzea 2021-22 denboraldian, taldeen egutegiak ahalbideratzen badu behintzat.

Zubi hiri izaera

Igor Emery Real Unioneko presidentea pozik agertu da Euskal Herria Txapela Stadium Galen jokatzeagatik. Garbi utzi du partida inportante baten aurrean gaudela. Esan du Liga hasi aurreko azken partida izango dela, eta horrek bermatu ere bermatuko duela lehiaren kirol maila eta tentsioa. Azpimarratu du «Real Unionentzat garrantzitsua dela Eurorregioaren kirol markoa, modu horretara muga hiria izan baino zubi hiri izaera eskuratzen delako».

Jon Andoni Goikoetxea, aldiz, talde bietan izandako bizipenak oroimenean dituela esan du, eta Realeko urte mitikoetan aritu izana ere ekarri du gogora. Guzti honentagik «ilusio handia» egin dio berarekin akordatu izanak eta eskerrak eman dizkie antolatzaileei.

Azkenik, Euskal Herria Txapelak e-sport bideo joko bertsioa izango du, Gamerauntsia kirol jokuen elkartearen eskutik. 2021eko urrian plazaratuko da.