NAIZ

Deskonexiorako eskubidea, teknoestresa... telelanaren oinarrizko lexikoa

Telelanaren oinarrizko glosarioa argitaratu du Euskaltzaindiak. Beste hitz batzuen artean, teknoestresaren eta deskonexiorako eskubidearen definizioak agertzen dira, covid-19aren eragineren ondorioz ezagunak egin diren hitzak.

Lan arloan eragin nabarmena izan du birusak eta telelana asko hedatu da. (GETTY IMAGES)
Lan arloan eragin nabarmena izan du birusak eta telelana asko hedatu da. (GETTY IMAGES)

Gizartea goitik behera eraldatu du iaztik covid-19ak eta lan arloan ere eragin nabarmena izan du birusak. Etxeratze-aginduak langile asko behartu zituen lehen aldiz etxetik lan egitera, eta enpresek ere lana antolatzeko molde berrira egokitu behar izan zuten. Horrek lan arloko araudia berritzea ekarri du, eta bitarteko teknologiko batzuen erabilera areagotu du lantoki gehienetan.

Eraldaketa horrek sustatu dituen oinarrizko hitz batzuk jaso dira Euskaltzaindiak argitaratu duen ‘Telelanaren oinarrizko lexikoan’. Erakundeak azaldu duenez, Euskaltzaindiaren UZEI erakunde atxikiak Euskaltzaindiaren hiztegi arauemailea, batetik, eta Euskalterm terminologia-banku publikoa bestetik, abiapuntu hartu ditu lan horretarako, inguruko beste hizkuntzetako terminologia-banku nagusiekin batera.

Telelanari eta telelaneko baliabide teknologikoei buruzko euskarazko erabilera ere kontuan hartu da, eta arreta berezia jarri zaio komunikabideetan jasotakoari. Era berean, Iparraldean zein Hegoaldean indarrean dagoen lan arloko araudia eta, besteak beste, Lanaren Nazioarteko Erakundeak urrutiko lanaren eta telelanaren inguruko datu estatistikoak biltzeko erabiltzen dituen gidalerroak ere erreferentziatzat hartu dira.

«Edonola ere, oinarrizko lexikoa den aldetik, lehen hurbilketa lana izatea du helburu lexiko honek», azpimarratu du Euskaltzaindiak; hala, deskonexiorako eskubidea, elkarlaneko software eta irakaskuntza hibridoa definitu ditu, besteak beste.

Argitaratu berri duen lan honetan agertzen dira ere lanaldiaren malgutasunaren eta lanpostu ergonomikoaren definizioak, baita Sare Pribatu Birtualaren azalpena, ingelesez VPN belala ezagutze dena. Teknoestres, telelan eta telelangile hitzen definizioak jasotzen ditu Euskaltzaindiak, beste hitz batzuen artean.