NAIZ

Mantentze arloko langile bat covid-19arekin kutsatzea lan istriputzat onartu dute

Espainiar Estatuko Gizarte Segurantzaren Institutuak ebatzi du Gurutzetako ospitalean mantentze lanetan jarduten duen langile baten covid-19 bidezko kutsaketa lan istripua izan zela, LABek jakinarazi duenez.

Gurutzetako ospitaleko langile bat. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Gurutzetako ospitaleko langile bat. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

LABek ohar batean azaldu duenez, Gizarte Segurantzak 2020ko azaroan erabaki zuen osasun sektoreetan eta sektore soziosanitarioetan paziente kutsatuei arreta ematen dieten osasun langileei covid-19agatik gaixotzea lan istriputzat hartzea, baina garbitzaileak, administrariak, mantentze lanetako langileak eta beste batzuk ez zituen kontuan hartu bere ebazpenean. 

Sindikatu abertzaleak erabakia salatu eta kanpaina bat abiatu zuen, zentro soziosanitarioetan lan egiten duten behargin guztien kutsatzeak lan istriputzat aitortzeko, eta ez gaixotasun arrunt gisa, aurreko Errege-Dekretuan jasota zegoen bezala –gero indargabetu egin zuten–.

Hori dela eta, hilabete hauetan zehar Gizarte Segurantzako Institutuari, covid-19arekin kutsatutakoen kontingentziei buruzko zehaztapenetan aldaketak egiteko eskatu dio, gaixotasun arrunt gisa hartu beharrean lan istriputzat hartzea, hain zuzen ere.

LABek dioenez, azkenean arrazoia eman dio Gizarte Segurantzak Gurutzetako ospitalean mantentze lanetan aritzen den langile baten kasuan, sindikatuak aurkeztu zuen errekurtsoaren ondoren eta kutsatzea lan ezbeharra izan zela ebatzi du. Mutuak ez du helegiterik aurkeztu eta Gizarte Segurantzaren erabakia onartu du.

LABen arabera, ebazpen honek erakusten du «enpresetan oro har, eta Osakidetzan, bereziki, gertatzen diren kutsatzeak saihestu egin daitezkeela eta saihestu egin behar direla prebentzio eta babes neurrien bidez, eta hori gertatzen ez bada, enpresak erantzukizuna duela beharrezkoak diren neurriak ez hartzeagatik, eta, beraz, covic-19 bidezko kutsatzea lan istriputzat hartu behar dela».

Osakidetzaren kasuan, «gaindituko litzateke lan kategoria desberdinen artean sortutako desberdinkeria, aitortuz osasun eta soziosanitario arloetan lan egiten duen langilegoaren zati honek ere egiten duen lan garrantzitsua».