NAIZ

64 urteko emakume batek Gasteizen sufritutako eraso transfoboa salatu dute

Ikusgunek, Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak, uztailaren 22an arabar hiriburuko Alde Zaharrean, 64 urteko emakume trans baten kontrako eraso transfobo bat izan zela jakinarazi du. Lizarran ere eraso homofobo bat salatu dute eta maifestazioa deitu biharko.

Bilbon egindako aurreko mobilizazio baten irudia. (Monika del VALLE/FOKU)
Bilbon egindako aurreko mobilizazio baten irudia. (Monika del VALLE/FOKU)

64 urteko emakume batek eraso transfoboa pairatu zuela jakinarazi du Ikusgunek. Erasoa uztailaren 22an izan zen, arabar hiriburuko Alde Zaharrean. «Marikoi zikina» oihukatu zuen erasotzaileak, Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak adierazi duenez, eta emakume honek oihua nondik zetorren begiratzeko buelta ematean aurpegian hiru ukabilkada jaso zituen, lurrera eroriz. Ertzaintzaren aurrean salaketa jarri du.

«Azken asteotan eskalada LGTBI+fobiko larri baten aurrean gaudela begibistakoa da. Gaur salatzen dugun eraso honekin 14 dira jada azkenengo hiru hilabeteetan Araban ezagutu ditugun LGTBI+fobia kasuak, trans pertsonak izanik eraso fisiko, gorroto diskurtso eta bazterketa gehien sufritzen duen kolektiboa», nabarmendu du Ikusgunek.

Behatokiak «genero identitate edota sexu orientazioagatik egon daitezkeen erasoei adi egoteko» gonbita egin du eta horretarako 633 309 653 telefonoa edo haien webgunea eskura jarri ditu, harremanetan jarri edo salaketa bera egiteko ere.

Lizarran, eraso homofoboa

Bestetik, Lizarran, uztailaren 14an eraso homofobo bat izan zela salatu dute. Hiri autobus batean bi pertsonak hirugarren bat iraindu eta mehatxatu zuten, «marikoi zikina» eta «labana sartuko dizut» eta «badakit non bizi zaren» bezalako hitzekin.

Hau salatzeko, manifestazioa deitu dute ostiral honetarako, 20.00etan.