Ion Salgado

Entxosnatu! Eguna ospatuko dute Gasteizko Txosnek abuztuaren 5ean

Gasteizko Txosnek Entxosnatu! Eguna ospatuko dute abuztuaren 5ean, Andra Mari Zuriaren egunean. «Harro eta ozen diogu azken 41 urteetan bezala Gasteizko jaietan aurten ere kaleak hartuko ditugula. Horregatik aurtengo abuztuaren 5ean Gasteizko herriari kaleak hartzeko deia egiten diogu», diote.

EHUko Campusean Gasteizko Txosnen batzordeak egindako agerraldia. (Raul BOGAJO/FOKU)
EHUko Campusean Gasteizko Txosnen batzordeak egindako agerraldia. (Raul BOGAJO/FOKU)

Gasteizko Txosnek argi dute lehentasuna, une honetan, «krisi egoera honi modu kolektiboan aurre egitea» dela, «izan ere guztion Osasuna eta zaintza ezinbestekotzat ditugu». «Gasteizko jaiek ere beste forma bat hartu beharko dute. Baina horrek ez du esan nahi besoak gurutzaturik ezer egin gabe geratuko garenik», azpimarratu dute abuztuaren 5ean, Andra Mari Zuriaren egunean, Entxosnatu! Eguna ospatuko dela iragarri baino lehen.

EHUren campusean izandako agerraldi batean azaldu dutenez, «Gasteizko jaiak egunerokotasunean presente ditugun gatazkak, nahiak, haserreak, zapalkuntza, ametsak... plazaratzeko gune bat ere badira». «Hortaz, urtean zehar Txosna Batzordea osatzen dugun kolektibook aurrera daramatzagun borroka guztiak ere presente egon dira orain arte eta presente egongo dira aurten», gaineratu dute.

Eta mezu bat helarazi diete herritarrei: «Harro eta ozen diogu azken 41 urteetan bezala Gasteizko jaietan aurten ere kaleak hartuko ditugula. Horregatik aurtengo abuztuaren 5ean Gasteizko herriari kaleak hartzeko deia egiten diogu».

Nabarmendu dutenez, egun osoko egitaraua prestatu dute. 10.00etan Herri Azoka izango da Burulleria plazan, eta txosnetako historia jasotzen duen erakusketa jarriko dute Etxauri plazan. 11.00etan haurrentzako txokoa irekiko dute Martin Ttipia plazan, eta 14.00etan herri bazkaria antolatuko dute Jose Mardones kalean dauden futbol eta saskibaloiko kantxetan.

Bi Txosnisari banatuko dituzte

Aurten gainera bi Txosnisari banatuko dituzte. «2020. Urteko Txosnisaria ere aurten emango dugu. Oso argi izan dugu 40. urteurrena betetzen genuen urteko Txosnisaria gure ibilbide osoa bizi izan duen kolektibo batentzat izango zela, baina ez horregatik bereziki. Baliteke azken urteetan lehen frontean kalean aktiboen egon den kolektiboa izatea pentsiodunen mugimendua eta horregatik saria soberan irabazi dute», esan dute.

Bestetik, iragarri dutenaren arabera, «2021. urteko Txosnisaria pandemiaren eta instituzioen arduragabekerkiaren ondorioen aurrean antolatzen eta kalea hartzen jakin duten ostalaritzako lagunentzat izango da».

Amaitzeko, etorkizunean lanean jarraituko dutela ohartarazi dute. «Borroka feminista ehuntzen jarraitzen dugu, euskal preso politikoen etxeratzea lau haizetara oihukatzen dugu, gazteok bizitzaren hautua egiten dugula aldarrikatzen dugu, munduko beste herrialde eta borrokekin distantzia txikitzen jarraitzen dugu, komunikatzeko modu alternatiboak daudela aldarrikatzen jarraitzen dugu, auzoak biziberritzen jarraitzen dugu... finean beste bizi eta herri bat posible dela erakusten jarraitzen dugu. Hala egin dugu eta hala egingo dugu. Ez ginelako inoiz joan, eta ez garelako joango. Kalea gara eta kalean gara».