NAIZ

ELAk ohartarazi du banaketa enpresek langileen egoera okertuko dutela Rider Legearekin

Deliveroo eta Glovo banaketa enpresek aldaketak iragarri dituzte Rider Legea indarrean sartu baino egun batzuk lehenago. ELAk ohartarazi du aldaketa hauek areago kaltetuko dituztela enpresa hauetako langileak.

Glovo enpresako banatzaile bat, Iruñeko Gaztelu plazan. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Glovo enpresako banatzaile bat, Iruñeko Gaztelu plazan. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Deliveroo eta Glovo banaketa enpresek orain arte autonomo faltsu gisa funtzionatu duten langileak erregularizatzeko prozeduran areago kaltetuko dituzte, ELAk salatu duenez.

Orain bi aste banaketa enpresen eta haien langileen lan-harremanak erregularizatzen dituen Rider Legea deituriko dekretua onartu zuen Gobernu espainiarrak, eta araudia indarrean sartu baino egun batzuk lehenago, Glovo eta Deliveroo markek neurriak hartu dituzte.

Deliverook jakinarazi du Estatu espainiarra «utzi» eta langile guztiak kaleratuko dituela, 2.500 pertsona gutxi-asko. Ukatu egin du lege berriak bultzatu duela erabaki hau hartzera: banaketen sektorean dagoen leihakortasun handiarengatik egin duela esan du.

ELAk jakinarazi du, bestalde, Glovok bere langileei bi aukera emango diela Rider Legea indarrean jartzen denetik aurrera: «‘Lan-aukera’ deritzona aukeratzea, hau da, kotizazioak, estaldura sozialak eta lan-egutegia betetzea; edo, bestetik, ‘Autonomoentzako eredu berria’, haien arabera ezarritako irizpideei jarraituz».

ELAk salatu du konpainia horiek beste behin ere «edozein araudiren gainetik» egon nahi dutela.

«Banaketa-enpresetako langileen lana ez da autonomoa, besteren konturako lana baizik, eta enpresa batentzat lan egiten duten gainerako langileen berme eta eskubide berberak izan behar dituzte, bai enpresa horrentzat, bai beste edozeinentzat», argitu du.

Sindikatuak «oso larritzat eta errespetu faltatzat» jo ditu enpresen erabakiak, prekaritateak bereziki astindutako langileei eragiten baitie. «Langile horiek urteak daramatzate presioak eta lan baldintza tamalgarriak jasaten, eta kolpe berri honek eskubideen urraketa horretan gehiago sakontzea dakar», azpimarratu du.

Aurreratu duenez, legedia kasu guztietan betetzen dela zainduko du. Era berean, banaketa-enpresetako langileen kolektiboa animatu du antolatzen eta borrokatzen jarrai dezaten, negoziazio kolektiboaren bidetik eta banatzaileen kolektiboa ostalaritzako sektore-hitzarmenetan sartuz.