Jon Ormazabal

Atzetik aurrera eginda, Darmendrail eta Ximun Lambertek irabazi dute Baionako Mastersa

Mathieu Ospital eta Peio Guichandut 20-10 aurreratu dira, baina ia bi ordutako partidaren ostean, urdinak 40-37 nagusitu dira aspaldiko partez zaleak harmailetan zirela jokatutako finalean.

Darmendrail eta Ximun Lambertek ondo merezitako txapelak jantzi dituzte. (Guillaume FAUVEAU)
Darmendrail eta Ximun Lambertek ondo merezitako txapelak jantzi dituzte. (Guillaume FAUVEAU)

Aurten ez da festarik izan Lapurdiko hiriburuan, baina Baionako Mastersa jokatu da pilotazaleen gozamenerako. Txertaketa prozesua amaituta dutenek, gainera, Moderne barrutik jarraitu ahal izan dute, aspaldiko partez, finala eta ziur inor ez dela damutu, gaurko partidak benetan merezi izan du eta. Azkenerako, atzetik aurrera eginda, bi orduko lehia orekatuaren ostean, Mickaël Darmendrail eta Ximun Lambertek jantzi zituzten txapelak, Mathieu Ospital eta Peio Guichanduti 40-37 irabazita.

Hastapen nahiko orekatu baten ostean (5-5), Ospital-Guichandutek hartu dute finalaren aginte makila eta askok txapelak euren buruetan ere ikusi dituzte lan erdietan 20-10 aurreratu direnean. Urdinak, ordea, ez zuten amore emateko inolako asmorik, lanean jarraitu dute eta azkenerako esfortzu horrek saria ere izan du.

Buelta azken hamarkadan

Partida azken txanpan sartu denean ere finalak nahiko kolore gorria zuen (30-24), baina erabat orekatu da azken tantoetan.Ospital-Guichandutek nekea sumatu dute, ez dira partida hasieran bezain eraginkorrak izan eta eskuetan zuen garaipenak eskuetatik ihes egin die berea zela uste zutenean. Partida 36-36 berdindu ostean, Darmendrail eta Ximun Lambertek ihes egin diete markagailuan eta Ospitalek sakez egindako falta batekin amaitu da finala, (40-37).

Aurtengoa zuen Milafrangako aurrelariak bere lehen Mastersa eta ezin hobeto egin ditu gauzak, txapela janztea lortu du eta. Ximun Lanbertentzat bigarren txapela da hau, duela hamar urtez Waltaryrekin ere irabaztea lortu baitzuen.