NAIZ

Zornotzako erasoagatik Barakaldon atxilotutako gizona espetxera bidali dute

Epailearen esku utzi du Ertzaintzak Zornotzan gazte bati emandako jipoiarengatik atxilotutako bederatzigarren pertsona eta honek espetxeratu egin du. Atzo hamargarren bat atxilotu zuen Guardia Zibilak Medina de Pomarren. Familiak gaztea osatzeko «itxaropena» mantentzen dutela nabarmendu du.

Lemoan egindako elkarretaratzea. (Monika DEL VALLE / FOKU)
Lemoan egindako elkarretaratzea. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Ertzaintzak epailearen esku utzi zuen igande honetan duela astebete Zornotzan Lemoako gazte batek jasandako erasoarekin lotuta atxilotutako bederatzigarren pertsona. Atxilotua Durangoko epaitegiaren aurrean agertu zen, Lakuako Segurtasun Sailak jakitera eman zuenez. Espetxera bidali zuen.

Barakaldoko Udaltzaingoak pertsona hori atxilotu zuen larunbatean, Ertzaintzak indarkeriaz aritzen den gazte talde bateko beste zortzi ustezko kide atxilotu ostean. Joan den igande goizaldean, 23 urteko gazte bat jipoitu zuten, eta larri dago ospitalean.

Epaileak joan den ostiralean espetxeratu zituen gertakariengatik atxilotutako hiru gizon adindunetako bi, eta hirugarrena aske geratu zen, hilean behin epaitegian aurkezteko betebeharrarekin.

10 atxilotu

Beste bost atxilotuak adingabeak dira. Fiskaltzan aurkeztu ostean, horietako lau adingabeen zentroetan sartu zituzten. 10 dira orotara atxilotutakoak, 15 eta 38 urte bitartekoak, atzo Guardia Zibilak Medina de Pomarren, Burgosen, beste bat atxilotu eta gero.

Familia «justizia» eske

Biktimaren ama Radio Euskadin elkarrizketatu zuten atzo goizean. Bertan adierazi zuenez, lesioak «oso larriak» diren arren, ez dute gaztea osatzeko itxaropena galdu.

Era berean, jipoia emateko «arrazoiak» ez dituela ulertzen nabarmendu zuen eta justizia eskatu zuen bere semearendako.