NAIZ

Beltran eta Sololuzeren heriotzak ikertuko dituen prozesutik kanpo utzi dituzte eragileak

Zaldibar Argitu eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, Zaldibarko hondamendiaren kasuan, langileen eskubideen aurkako deliturik egon den argituko duen prozesutik kanpo utzi dituzte. «Herri akusazio gisa aurkezteko eskubiderik ez dugula esan digute», salatu dute.

Zaldibar Argituk antolatutako ekimeana. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Zaldibar Argituk antolatutako ekimeana. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Zaldibar Argitu eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, Zaldibarko hondamendiaren kasuan, langileen eskubideen aurkako deliturik egon den argituko duen prozesutik kanpo utzi dituzte. Hala salatu dute astelehen honetan bidalitako ohar batean.

Gogoratu dutenez, «apirilaren 30ean, Zaldibarko hondamendian langileen eskubideen aurka deliturik egon zen argitzeko kausatik kanpo utzi gintuzten eta maiatzaren 11an helegitea aurkeztu genuen». «Orain berriro ere langileon eskubideak defendatzeko herri akusazio gisa aurkezteko eskubiderik ez dugula esan digute. Baina juridikoki ez dago arrazoi nahikorik prozesu honetatik kanpo uzteko», gaineratu dute.

Beraien esanetan, «autoaren arabera, interes gehigarri berezia akreditatu behar da, baina hori ez dago inon horrela araututa». «Delitu publiko baten aurrean gaude eta gu herritarrak garen heinean, herri akusazio gisa aurkezteko eskubidea dugu», ohartarazi dute.

Izan ere, «gertaera honen, eta orokorrean Zaldibarren gertatutako guztiaren atzean, argitu gabeko auzi asko daude. «Eusko Jaurlaritzaren eta enpresa pribatuen arteko harreman eta interes ilunak, langileon segurtasunaren eta eskubideen urraketak, ingurumenarenkontrako jarduerak...».

«Gertatutakoaren aurrean, inork ez du erantzukizunik beregain hartzen; ez enpresak, ez Eusko Jaurlaritzak. Horregatik ezinbestekoa da herri akusazio indartsu bat izatea, eta hain zuzen ere horregatik utzi gaituzte kanpoan, ez dutelako inongo interesik benetan gertatu zena argitzeko», azpimarratu dute.

Amaitzeko, Zaldibar Argitu eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragileek «Zaldibarko hondamendia argitzeko borrokan» jarraituko dutela adierazi dute, «eta Zaldibarko kasuaren atal honetan edo ingurumen delituaren atalean, horretan jarraituko dugu».

Ingurumen delitua

Ekologistak Martxan elkarteak parte hartzen du ingurumen delituaren atalean. NAIZek jakin izan duenez, prozesu honen ikerketa aurrera doa, eta duela gutxi epaileak 5 milioi euroko fidantza ezarri zien Verter Recycling enpresari eta horren buru diren Jose Ignacio Barinaga, Maria Arrate Bilbao eta Juan Elosegiri, erantzukizun zibilari aurre egiteko.

Dena den akusatuek helegite bat aurkeztu dute. «Erabaki guztien aurkako helegiteak aurkezten dituzte», adierazten du auzi honetan parte hartzen duen abokatu batek.

Halaber, lekukoen testigantzak jaso ditu instrukzio epaileak. Oraingoz zenbait langilek deklaratu dute, eta hondamendia izan zenean Ertzaintzaren aurrean esandakoa errepikatu dute, hau da zabortegian zegoen «kaosa» azaldu dute.