NAIZ

Galgo paper fabrika zaharraren presa eraitsi du URA Agentziak Andoainen

21 metroko presa eraitsi dute Andoainen, Galgo paper fabrika zaharraren ondokoa hain zuzen ere, Lizarkola auzoan, Leitzaranen. Lan honen asmoa faunaren zirkulazioa erraztea dela adierazi du.

Leitzaranen eginiko lanak. (URA)
Leitzaranen eginiko lanak. (URA)

EAEko Uraren Euskal Agentziak (URA) Galgo paper fabrika zaharreko presa eraitsi du Andoainen, Lizarkola auzoan. Lanak ekaineko azken astean egin ziren eta helburua faunaren zirkulazioa erraztea eta bertan erabiltzen ez zen ibai zatia naturalitzea da, gaur astelehenean jakitera eman duenez.

Presa XX. mendearen bigarren erdian eraiki zen ur-lamina handitzeko eta horrekin batera beharrezko ur-hartzea ahalbidetzeko, enpresak (hasieran Leitzaran paper-fabrikak eta ondoren Galgok) Leitzaran ibaitik eta Ubaran errekatik ura hartzeko zeukan emakidaren arabera. Enpresak 2007an utzi zion jarduerari, eta emakida iraungi egin da. Hala ere, presak Leitzaranen uren eta faunaren joan-etorri askea saihesten jarraitzen zuen.

Egindako inbertsioa 28.330,85 eurokoa da. 21 metroko presa txikia eta ezkerraldeko estribua eraitsi dira. Lanak faseka egin dira eta horri esker gune naturalak modu progresiboan ibaiaren dinamikara atxikitzeko aukera izan duela nabarmendu du URAk.

Bestelako lanak abian

Bestalde, URAren eta Andoaingo Udalaren arteko lankidetza jarraitzeko asmoa dagoela iragarri dute. Gipuzkoako herriko Olagain auzoan saneamendua eta ibaiaren pasealekua hobetzeko proiektuarekin erlazionatutako landareztatzea egitea erabaki da.

Azkenengo proiektu honek Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF-FEDER) finantziazioaren bidez aterako da aurrera.