NAIZ

Sancetek «urte oso ona» espero du, taldea «gero eta hobeto» ikusten duelako

Oihan Sancetek «urte oso ona» izatea espero du hamar egun barru abiatuko den denboraldiari buruz mintzatu denean. Uste du taldea hobeto sentitzen dela Marcelinoren ideiekin. Entrenatzaileak erdilari erasokor moduan ikusten du. 

Oihan Sancet, Lezamako lan saio batean. (@ATHLETICCLUB)
Oihan Sancet, Lezamako lan saio batean. (@ATHLETICCLUB)

Denboraldia hasteko hamar egunen faltan, Oihan Sancet Athleticeko jokalariak prentsaurrekoa eman du asteazken honetan. Onartu du Marcelinok erdilari erasokor moduan ikusten duela eta berak adierazi du entrenatzaileak eskatzen dionera «moldatzeko» prest dagoela. Postu batean baino gehiagotan jokatu ahal izatea», bere kasuan bezala erasoko beste postu batzuetan edo zelai erdian, jokalari batentzat «beti ona» dela iritzita.

«Nik hegalean ere jokatuko nuke, baina entrenatzaileak gehiago ikusten nau erditik», esan du.  Agerraldi honetan oso «ilusionatuta» agertu da bere taldea Marcelinoren «ideiak apurka-apurka» barneratzen ari delako eta «transmititzen duenarekin gero eta hobeto» dagoela ikusita.

Zentzu horretan, «sentsazio on horiekin» Athleticek «urte bikaina» egingo duela uste du.
Sancetek aurrekoa bezalako denboraldi bat ere «sinatuko» luke, zeinean hiru final jokatu zituzten eta garaikur bat irabazi zuten, Superkopakoa. Hori bai, kontu bat aldatuko luke, galdutako bi finalak irabaztea, alegia. 

Jokalari nafarrak, hala ere, aurten Athleticentzat «helburu nagusia Europan jokatzea» dela azpimarratu du. «Nik ez dut inoiz Europan jokatu, baina taldekideek oso ilusionagarria dela esan didate», gaineratu du.

Sancetek (21 urte) «ahalik eta gehien hobetzea eta jokatzea» espero duela aitortu duen arren, «Helburu nagusia taldekakoa» dela gaineratu du: «Ligan ahalik eta postu hoberenean bukatzea eta ahalik eta denboraldirik onena egitea».

Onartu du, ordea, pertsonalki, «Patxadaz eta lasaitasunez» hartu behar duela golarekiko definizioa, hainbat aukera on alferrik galdu baititu, bai aurreko ikasturtean, bai denboraldi-aurre honetan ere.

Bere hobekuntzaren inguruan, «Lehen Mailan jokatzea prozesu bat» dela eta «Bigarren B mailatik Lehen Mailarako jauzia erraza ez dela» esan zuen. «Hasieran fisikoki kostatu zitzaidan, maila aldaketa nabaritu nuen», aitortu du. 

21 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin aritua da Sancet eta onartu du Tokion egotea gustatuko litzaiokeela, «mundu guztiari begira. Joatea tokatu ez zaionez, «Athleticen zentratuta» dagoela argitu du. 

Goi mailako kirolariek jasaten duten presioari eta honek osasun mentalean izan dezakeen eraginari buruz galdetuta, «presioa bakoitzarengan» dagoela uste du. «Orain arte baino gehiago eman dezakedala uste dudalako jarri dut niregan presioa, gero eta hobeto nagoelako», adierazi du.