NAIZ

Lointek Gernika Bizkaia, galtzaile Mont de Marsanen Basket Landesen aurka (77-66)

Euroligako talde indartsua honen aurrean lehiakor izan dira Mario Lopezenak, baina hasieratik aldea hartu eta gernikarrei ez diete aurrerik hartzen laga. Zapatuan Tarbesen aurka 16.00etan jokatuko dute bizkaitarrek Mont de Marsaneko egonaldiko bigarren egunean.

Tinara Moore, Basket Landeseko defentsaren gainetik saskia aurkitu nahian. (GERNIKA)
Tinara Moore, Basket Landeseko defentsaren gainetik saskia aurkitu nahian. (GERNIKA)

Lointek Gernika Bizkaiak Basket Landesen aurka denboraldi-aurreko partida jokatu du ostiral arratsaldean Mont de Marsaneko Torneoko aurreneko egunean. Bizkaitarrek lan txukuna egin dute Euroligako talde honen aurka, baina 77-66 galdu dute.

Laurden guztietan galtzaile atera dira bizkaitarrak, baina lehiakor izaten ere asmatu dute. Tinara Moorek 17 puntu erdietsi ditu eta Melisa Brcaninovic bosniarrak ere 10 puntutik gora saskiratu ditu; 12, alegia.

Roso Buch antolatzaile kataluniarrak ere, uztailean orkatila dela-eta kirofanotik pasa ondoren, aurreneko minutuak izan ditu denboraldi-aurre honetan, eta egiari zor, lan polita egin du, 8 puntu lortuta.

Atsedenaldira 41-33 atzetik iritsi dira gernikarrak eta nolabait esatearren, aurreneko 20 minutuko ajeak ordaindu ditu Gernika Bizkaiak. Basket Landeseko saskiratzailerik onenak Magarity eta Roumy izan dira, biak ala biak 17 punturekin. Bestalde, Celine Dumerc «amonak», 39 urteko antolatzaile frantsesak, 12 puntu saskiratu ditu, eta Tolo pibot australiarrak, 11.

Zapatuan beste partida bat jokatuko dute gernikarrek Mont de Marsanen: Tarbes taldearen aurka, 16.00etatik aurrera.

«Espero bezala, oso partida fisikoa izan da. Kontaktuak, gogortasuna, indarra... horiek guztiek aintzat hartuta, gure gainetik egon dira», onartu du Mario Lopezek partida amaieran.

«Aurreneko erdian bost hiruko sartu dizkigute gainera, eta hor egin digute ihes. Gero, hirugarren laurdenean 15 bat puntu aurretik ere jarri zaizkigu, ez diogulako neurketari behar bezala ekin. Hamar puntuz behetik jartzea lortu dugu eta gehiago ere hurbiltzeko aukera batzuek izan ditugu, baina kanpoko jaurtiketan ez gara finegi aritu. Horrez gain, defentsan behar baino hankasartze gehiago ere egin dugu, eta baloia mugitzeko arazo handiak izan ditugu gainera», gaineratu du.

Hala ere, gernikarren entrenatzaileak gauza positiboak ere ikusi nahi izan ditu. «Barrutik puntu asko eskuratu ditugu eta jokaldi batzuek nahiko ongi atera zaizkigu. Asko kosta zaigu, baina zer hobetu asko izan arren, lehiakor izan gara Frantziako Ligako txapeldunaren aurrean», amaitu du.

Beste euskal taldeak

Bere aldetik, IDK Euskotrenek ere lagun arteko partida jokatu du ostiral honetan Bergarako Labegaraieta kiroldegian HGB Ausarta Barakaldo taldearen aurka. Esan gabe doa kolorerik ere ez dela izan; Azu Muguruzarenek 89-22! aurretik eraman dituzte bizkaitarrak.

Aldiz, Araskik larunbat eta igandean Teneriferen aurka jokatuko du Mendizorrotzan. Larunbatean 18.00etan jokatuko dute Kanariar Irletako taldearen aurka. Domekan, berriz, 13.00etan. Partida bietan 800 ikuslek Mendizorrotzan sartzeko aukera izango dute.