NAIZ

Gernika garaile Tarbesen aurka, 18 puntuko aldeari buelta eman ondoren (66-71)

Bizkaitarrak 42-24 galtzen ere egon dira, baina atsedenaldiaren ostean neurketari buelta ematen asmatu dute, defentsa gogortu ostean. Tinara Moore eta Angela Bjorklund izan dira saskiratzaile onenak, biek ala biak 18 puntu lortu ondoren.

Tinara Moorekin batera, Bjorklund izan da Lointek Gernikaren saskiratzailerik onena. (GERNIKA)
Tinara Moorekin batera, Bjorklund izan da Lointek Gernikaren saskiratzailerik onena. (GERNIKA)

Ostiral gauean Basket Landesen aurka maila txukuna eman arren, Lointek Gernika Bizkaiak galdu egin zuen Mont de Marsaneko Torneoko aurreneko jardunaldian. Zapatu honetan, berriz, Mario Lopezenek garaipenarekin eman diote azken agurra, tarbesen aurka 66-71 gailendu baitira gernikarrak.

Alabaina, emaitzak ezin du ezkutatu bizkaitarrek izan dituzten lanak eta bota behar izan dituzten izerdiak. Izan ere, atsedenaldian 47-30 atzetik ziren eta bigarren erdi aparta egin behar izan dute markagailuari nolabait buelta eman ahal izateko.

Hasieratik okertu zaie partida gernikarrei, 20-7 atzetik hasi baitira aurreneko laurdenean. Azkenean markagailua 29-22raino itxuratu dute markagailua Mario Lopezenek aulkiko jokalariei esker, baina bistakoa da aurreneko minutu horietan bizkaitarren defentsa oso eskasa izan dela.

Are gehiago sufritu du Gernikak bigarren laurdenean. Hirukoz hiruko, Tarbesek partida ia mila puska egin du, 42-24 aurreratzeraino. Tinara Moore eta Angela Bjorklunden eskutik erantzuten saiatu dira bizkaitarrak, baina 90 puntu baino gehiago jasotzeko itxura horrekin, jai zegoen.

«Oso gaizki ekin diogu, baina Itzi –Ariztimuño–, Marta –Alberdi–, Paula –Ginzo–, Belen –Arrojo– eta Roso –Buch– kantxaratu direnetik aurrera, tadearen defentsa beste bat izan da. Hala ere, aurreneko erdia eskasa izan da: defentsa txarra eta erasoan ezin asmatuta», onartu du Mario Lopezek partida amaieran.

Beste kontu bat

Zorionez, atsedenaldian Mario Lopezek bere jokalariak zuzentzen asmatu du; edota hauek asmatu dute beren defentsa gogortzen; izan ere, hirugarren laurdeneko partziala 7-22koa izan da, partidari ia berriz ekiteko moduan.

«Defentsan mugikorrago izan gara atsedenaldia eta gero, eta defentsa ezberdinak ere egin ditugu. Erasoan, bestetik, saskira jaurtitzeko aukera hobeak bilatu ditugu eta apurka apurka, aldea murriztea lortu dugu», adierazi du Lopezek.

Noski, atzetik aurrerako bidea ez da amaitzen atzetik datorrenak partidaren burua hartu arte. Hala, azken laurdena 54-52 hasi bada, aitaren batean lortu dute gernikarrek markagailuan aurretik jartzeko 0-4ko partziala.

Tarbesi partida luze egin zaio azkenean eta aurreneko erdian sartu dituen hiruko horiek uztaian geratu zaizkio atsedenaldiaren ostean. Hala, Moore, Bjorklund eta Belen Arrojo kapitainaren eskutik, Estatu frantsesean jokatu duen bigarren partida hau garaipenaz agurtu ahal izan du Gernikak.

«Azken minutuetan beraiek baino hobeto jokatu dugu erasoan, nahiz eta bezperako partidako nekea astuna izan den. Aurreneko erdien ez bezala, gure defetntsa Tarbesek ezarri duen maila berekoa izan da eta sentsazio onekin amaitu dugu partida. Hala, taldea bide onetik doala esan dezakegu», amaitu du Mario Lopezek.