Symon Welfringer, Siren Dorrean sortutato «Forum» bidearen giltzan (7c) estutzen. (Silvan SCHUPBACH)
Symon Welfringer, Siren Dorrean sortutato «Forum» bidearen giltzan (7c) estutzen. (Silvan SCHUPBACH)
Andoni Arabaolaza

Kayak eta eskalada bikaina Groenlandiako murru ezezagunetan

Matteo della Bordella, Silvan Schupbach eta Sumon Welfringer-ek osatutako sokadak, 170 kilometro piraguan egin eta gero, SirenDorrean «Forum» bidea (7c, 840 m) zabaldu eta kateatu zuen. Soilik parabolt bat erabili zuten, hamaka atondu ahal izateko.

Hurrengo lerrootako protagonistak ohituta gauzkate goi mailako jardueretara. Eta, beraz, egin berri duten espedizioan lortutako emaitzak ez gaitu batere harritu. Pixka bat harritzen gaituena da talde bera osatu dutela. Ez dira herrialde berekoak, eta horregatik normalean beste sokakide batzuekin jarduten dute. Baina argi eta garbi geratzen da indarrak eta eskarmentua ondo kudeatzen badira, oro har, emaitza bikaina izaten dela.

Honakoak dira hiru protagonistak: Matteo della Bordella italiarra, Silvan Schupbach suitzarra eta Symon Welfringer frantziarra. Hots, hormatzarretan espezialista handiak.

Hirukote honek bat egin du Groenlandiara eraman dituen espedizio batean. Uharte horrek makina bat bisita jaso ditu horma luze edo big-wallak atsegin dituzten aldetik. Beraz, murru eta inguru batzuk ezagunak egin dira, baina, hain handia eta basatia denez, Groenlandiak esploratzeko aukera aparta eskaintzen du.

Hain zuzen ere, hori da eskalatzaile horiek egin dutena. Alabaina, ezusteko ez oso atsegina hartu zuten. Igo gabe zegoen orratz bat eskalatzera joan ziren, eta, iritsi zirenean, beste eskalatzaile batzuekin egin zuten topo. Hauek hormaren lehen igoera kendu zieten.

Jakina, berri horrek ez zien motibaziorik kendu, eta orratz berdinean goi mailako jarduera egin zuten. Alderdi horretara heltzeko, eskalatzaileok hurbilketa bidea piraguan egin zuten. Denera, 170 kilometro. Mythics izeneko zirkuan Siren Dorrea zain zuten.

Welfringerrek aurreratu duenez, zirku horrek ukitu gabe dauden makina bat big-wall ditu: «Inguru horretan bi fiordo elkartzen dira. Hain zuzen ere, Groenlandiako kostaldearen ekialdean».

Arestian aipatu dugunez, urrutiko leku horretara iristeko 170 kilometro piraguan egin zuten. Ibilbide luzea zuten aurretik, baina hasi aurretik, eskalatzaile frantziarrak aipatu duen bezala, arazoak izan zituzten: «Etxetik irten eta Islandian astebete egin genuen geldirik; hain zuzen ere, pandemiarekin lotutako arazo burokratiko batzuengatik. Zorionez, astebete hori ezer egin gabe igaro ostean, egoera bere onera etorri zen. Tsiilaq izan zen erabateko autonomian egin genuen bidaia luze honen irteera eta helmuga puntua.

Leku ederra da, eta abentura egiteko paregabea. Ingurumari horretan itsasoek eta fiordoek nagusitasun osoa dute. Kayakak erabat beteta zeuden; izan ere, 25 egunez erabateko autonomian jardun behar genuen. Mithics izeneko zirkua zain genuen. Onartu behar dut urrutiko lekua dela, eta soilik espedizio bakan batzuk iritsi dira hara. Joan-etorri horretan 350 kilometro kayakean egitea ederra izan da oso. Gure helmugara heltzeko bost egun behar izan genituen. Luzea izan zen oso, baina den-dena primeran atera zitzaigun. Esan behar dut espedizioa prestatzen denbora luzea egin genuela. Eta piraguan eginiko entrenamenduek lagundu ziguten arrakasta izaten. Batez beste egunero 40 kilometro egin genituen nabigatzen. Zortzi-hamar ordu alderdi zirraragarri batean. Espedizio klasiko batekin alderatuta, iruditu zitzaigun benetako esplorazioa egiten ari ginela».

Kanpalekua antolatu eta ia atsedenik hartu gabe zirku hori esploratzen hasi ziren. Eskaladari dagokionez, azpimarratzekoa den emaitza erdietsi zuten: bi bide berri. Siren Dorrean, adibidez, “Forum” izeneko bidea (7c, 840 m) zabaldu eta kateatu zuten. Orratz horren bigarren igoera izan zen. Bi egun lehenago, horma hori laukote batek igo zuen: Nico Favresse, Sean Villanueva eta Jean-Louis Wertz belgikarrek eta Aleksei Jaruta suediarrak. Lerrootako protagonistak bide independente batetik igo ziren, eta onartu behar zaie estilo oso txukuna erabili zutela. Ia kilometro luze den eskalada horretan bi parabolt bakarrik jarri zituzten. Bidea kateatzera joan zirenean, horietako bat ez zuten ukitu. Eta bestea hamaka jartzeko erabili zuten.

Bigarren bideak “La cene du renard” da. Zirku horretan dagoen beste murru batean ireki zuten. 450 metro eta 7a zailtasuna gainditu zituzten. Hitz gutxitan esanda, espedizio hori “by fair means” bezala definitu daiteke.

Estilo bikaina

Siren Dorrean eginiko jarduerari dagokionez, Welfringerrek aurreratu du kosta egin zitzaiela marra autonomo bat aukeratzea. Denera, bost egun egin zuten pareta bertikal horretan zintzilik: «Hirurok ala hirurok bat egin genuen honakoa esaterakoan: Siren Dorrea bikaina baino bikainagoa da. Laukote bat aurreratu zitzaigunez, bide berriaren aukeraketa ez zen batere erraza izan. Onartu behar dut sokada osatu dugunok nortasun handiko gizabanakoak garela. Beraz, erabaki guztien inguruan eztabaida handiak izan ditugu. Zer egin, nora joan, nola antolatu... Hala ere, izan ditugun eztabaidak oso eraikitzaileak izan ziren. Eta horiei esker, geure helburua lortu genuen. Horregatik marra berriari ‘Forum’ deitu diogu».

Bidearen sarreran jarri zirenean, hirukote horrek zalantza ugari izan zituen. Aztertutakoaren arabera, murruaren erdialdeak oso tentea zirudien. Eta, gainera, ikusten ziren artesiak ez ziren jarraiak. 200-300 metroko sekzioa zen, eta, itxura guztien arabera, oso gogorra.

Eskalatzaile frantziarrak onartu du tarte hori bidearen giltza izan zela: «Lehenengo 200 metroak oso azkar igo genituen. Headwall-era heldu eta ohartu ginen gogor borrokatu beharko genuela. Luze batzuek, gainera, eroria zuten. Zalantzarik gabe aitor dezaket zati hori eromen hutsa izan zela. Eta hori diot era librean eskalatzeko oso arin gindoazelako. Marra berria ireki eta luze guztiak librean kateatzeko sei egun behar izan genituen. Estiloak erabateko garrantzia zuenez, soilik friendak, fisureroak eta iltzeak erabili genituen bertan».

Jarduera handi hori egin eta gero, euriak bisita egin zien, eta hainbat egun dendetan igaro behar izan zituzten. Atertu zuenean, hiruko hori beste xede baten bila irten zen. Berriro esploratzera.

Kanpalekuaren inguruan zeuden murruei begiratu beharrean, kayaka berriro hartu eta, 12 kilometro egin ondoren, eskalatu gabe zegoen hormatzar batera heldu ziren: «Eskalada librerako oso interesgarria zirudien. Paddle Wall deitu genion, eta han ‘La cene du renard’ marra sortu genuen. Arroka trinkoan luze oso dotoreak eskalatu genituen. Horrez gain, artesi handiak, geure buruak babesteko oso egokiak zirenak. 450 metroko bide horretan, gehienez, 7a maila gainditu genuen. Egun bateko jarduna izan zen, eta horrekin espedizioari ginga jarri genion. Marraren izen horrekin kanpalekuan ibili zen azeriari omenaldia egin nahi izan diogu. Gu lotan ginen bitartean, gazta oso bat jan zuen! Azken hausnarketa bat egin nahi dut. Harrigarria bada ere, inuiten hiztegiak ez du askatasuna hitza jasotzen. Eta, aldiz, elurra adierazteko 200 hitz dituzte. Nik, bederen, Groenlandiako espedizio horretan benetako askatasuna bizi izan dut; eta hori ez da gutxi».