NAIZ

Djokovicek ez baina Alcott eta De Grootek, gurpildun aulkian, Urrezko Slama osatu dute

Dylan Alcott eta Diede de Groot tenislariek Golden Slama osatzea lortu dute. Biek ala biek AEBtako irekia irabazi zuten igandean eta aurretiaz eskuratutako hiru txapelketako handietako garaikurrei eta Paralinpiar Jokoetako urrezko dominari batu zitzaion garaipen berri hau. 

De Groot, AEBtako Irekiko garaikurrarekin. (AFP)
De Groot, AEBtako Irekiko garaikurrarekin. (AFP)

AEBtako Irekian arreta guztia Djokovicek bereganatu zuen, urtebetean titulu handi guztiak irabazteko urrats bakar batera baitzegoen. Olinpiar Jokoetan ezin izan zuen urrea irabazi baina US Open txapelketako finalera sailkatzean, bere 21. titulu handia eskuratu zezakeen. Azkenean Medvedev-en aurka galdu zuen eta beraz, bere izena ez zen iltzatu urte bakar batean lau handiak irabazten zuen hirugarren tenislari gisara. 

Dylan Alcott eta Diede De Grootek, ordea, bai lortu zuten benetan urtea biribiltzea. Biek ala biek, gurpildun aulkian, Urrezko Slama –edo Golden Slam– osatu zuten; lau handiak irabazteaz gain (Australiako Irekia, Roland Garros, Wimbledon eta US Open), Paralinpiar Jokoetan urrezko domina ere zintzilikatu baitzuten duela astebete eskas. 

Australiarrak gizonezkoen banakako txapelketa "laukoitzen" modalitatean (gorputzaren hiru zatitan edo gehiagotan gelditasuna zuten jokalariak) irabazi zuen eta herbeheratarrak emakumezkoen gurpildun aulkiko modalitatean. 

Alcottek Herbeheretako Niels Vink 7-5 eta 6-2 garaitu zuen titulua lortzeko, eta De Grootek Yui Kamiji japoniarra gainditu zuen 6-3 eta 6-2ko emaitzarekin.

Australiar txapeldunak bere hirugarren titulua irabazi zuen Flushing Meadowsen, Estatu Batuetako Irekian jokatu dituen bost finaletan. Bere garaikurra jasotzean, garagardo lata bat zerbitzatu zioten, eta ondoren edan egin zuen Louis Armstrong Stadium pistan batu zen jendetzaren aurrean. 

Alcott, US Open txapelketako garaipena ospatzen. (AFP)

«Djokovicen eta Medvedeven irribarre bat ikusi nuen eta hori atsegina da, are gehiago euren final handiaren atarikoan jasan behar zuten tentsio guztiarekin», adierazi zuen australiarrak. 

De Grootek, berriz, ospakizun apalxeagoa izan zuen, baina AEBtako Ireki hau ere esanguratsua izan zen 24 urteko holandarrarentzat.

«Titulu hori lortzen lehena izatea hain da berezia», adierazi zuen Grootek. «Ez dut uste inoiz ahaztuko dudanik, ni babesten nautenentzat eta ni bezala egunero gu gainditzeko borrokan ari direnentzat sekulako esanahia baitauka», gaineratu zuen. 

Steffi Graf alemaniarra, 1988an, urte berean Grand Slameko lau tituluak eta urrezko domina bat irabazi zituen tenislari bakarra izan zen. Duela gutxi bakarrik egin zen posible gurpildun aulkiko biran, eta Wimbledonek ez zuen txapelketa bat gehitu gurpildun aulkian 2016ra arte.

Igande honetan, De Grootek lortu zuen lehendabizi Golden Slama osatzea, Alcottek baino ordutxo batzuk lehenago jokatu baitzuen. Australiarra 2008ko saskibaloiko paralinpiar torneoan urrezko domina eskuratutakoa da, tenisera aldatu aurretik. 

«Gizonezko bakar batek ere ez du inoiz Urrezko Slamik irabazi orain arte. Inork ez du horretarako aukerarik izan», esan zuen Alcottek. «Aukera hori izan dut. Hau une berezia. Bizitza osoa horretarako entrenatu dut. Beraz, asko gozatu dudan esperientzia da».