Hipika ekitaldia ez errepikatzeko exijitu dute: «¡Maya, gracias por la playa! Baina orain zer?»

Hipikarik ez! plataformak hurrengo urteetan hipika txapelketa ez errepikatzeko bermea exijitu du astelehen honetan Iruñeko Zitadelan egindako aldarrikapen ekitaldi baten bidez. Hiri ereduaren eztabaida erdigunera ekartzea beharrezkoa dela nabarmendu dute ere.

Hipikarik ez! plataformaren ekintza Iruñeko Zitadelan, «hondartza» bihurtu dutela saltzeko. (NAIZ)
Hipikarik ez! plataformaren ekintza Iruñeko Zitadelan, «hondartza» bihurtu dutela saltzeko. (NAIZ)

Bukatu da Iruñeko Udalak antolaturiko hipika txapelketa eta Hipikarik ez! plataformatik ekitaldia Iruñera ez bueltatzea eskatu dute Zitaldean ipinitako ‘Hiri eredu honi ez’ zioen kartel baten bidez. Hainbat lagunek toalla eta itzalkinak jarri dituzte ere bertan.

«¡Maya, gracias por la playa! Baina orain zer?» titulatzen den prentsa ohar baten bidez, plataformak «zentzugabekeri hau» jada atzean utzi ondoren Zitadelan geratzen den gauza bakarra harea dela gogoratu du.

«Agian baten batek esango digu hau guztia ispilatze bat izan dela. Baina hau benetan gertatu da, eta horren froga da orain hondartza dugula Iruñean», gaineratu dute.

«Nola garbituko da hori guztia? Hori al da gure ondare kulturala eta historikoa zaintzea? Zer dio Vianako printzeko elkarteak?», galdetu dute plataformatik.

Nabarmendu dutenez, Zitadelako belardia eta hor zegoen aintzira hareaz betetzea «zentzugabekeri bat da», hala nola hor bizi ziren animalientzat, eta «natura, bizitzak, gure ondarea eta gure kultura zaindu« behar direla azpimarratu dute. Hainbat lagunek toalla eta itzalkinak jarri dituzte bertan.

Plataformaren arabera, hipikak agerian utzi du ere Navarra Sumaren «kudeaketa eredua, interes pribatuei erantzuten diona eta batez ere herri borondatea kontuan hartzen ez duena».

Horrela, azaldu dute hasi zenean salatu egin zutela sanferminetako mahaia kontuan hartu gabe antolatu zela. «Gaur gogoratu nahi dugu aurrera eraman dela guztia iruindarron zati handi baten borondatearen kontra», gehitu dute.

Txapelketa «elitista»

Plataformak adierazi duenez, Iruñeko erdigunean Hipika txapelketa elitista aurrera eramaten zen bitartean, «Arrotxapeko auzoan poliziak gazteak jipoitzen eta atxilotzen zituen, gaztetxea desalojatzeko» edota «Txantreako gune urdina imposatzen ari zen auzo oso baten borondatearen kontra».

Horiek, plataformaren iritziz, «adibide hurbilenak» dira, baino badaude askoz gehio: «Auzoetako ekipo prebentiboen suntsitzea, Iturrama-Arrosadian eraikiko duten zentro komertziala, komertziante eta bizalagunen iritziaren kontra eta haur eskoletan euskara baztertzea, besteak  beste».

«Ezin dugu ahaztu ere, txapelketa honetan ehundaka zaldik parte hartu dutela haien borondatearen kontra. Zaldi bakoitzak sentitzen duen norbanako bat da. Aniamaliak erabiltzen dituzten ikuskizunek ez dute animalien interesak ez askatasunean bizitzeko duten eskubidea errespetatzen. Izan ere zaldiak aske bizitzeko jaioak dira», gaineratu dute.

Horregatik guztiagatik, Hipikarik ez! Plataformak hurrengo urteetan hipika txapelketa ez errepikatzeko bermea exijitu du. Eta Iruñea «bizia» eta «guztiontzat» behar dutela, ezeliteentzat eta eliteei begira dagoen hiririk.

Hala, «hiri ereduaren eztabaida erdigunera ekartzea» beharrezkoa dela nabarmendu dute, baita «eredu askatzaileengatik apustu egitea eta denon artean nahi dugun hiria eraikitzen hastea» ere.