NAIZ

15 urteko zigorra ezarri diote Iparragirreri, ETAren ekintza bat bere gain hartu ondoren

Marixol Iparragirrek 15 urteko espetxe zigor berria jaso du, 1997an Juan Carlos Borboikoa Bilbon erasotzen saiatzeagatik. Espainiar Auzitegi Nazionalean duen zortzigarren epaiketa da eta, oraindik, beste lau ditu aurretik, espainiar ajentziek adierazi dutenaren arabera.

Marixol Iparragirre, aurreko epaiketa batean. (Justizia| Europa Press)
Marixol Iparragirre, aurreko epaiketa batean. (Justizia| Europa Press)

Marixol Iparragirre eskoriatzarrak 15 urteko espetxe zigorra hartu du, espainiar Auzitegian astearte honetan bertan hasi eta bukatu den epaiketa berri batean. Juan Carlos Borboikoak, 1997an, Bilboko Guggenheim museora egindako bisita batean erasoa prestatzea leporatzen zioten eta onartu egin du.

Fiskaltzak 27 urteko zigorra eskatzen zuen eta, azkenik, zigorra 15 urtekoa izanen da: bederatzi urte «helburu terroristarekin Koroaren aurkako» delitu batengatik eta sei «gerrako armak gordetzeagatik».

Epaiketa 13:00ak aldera hasi da Auzitegi Nazionalean, hasiera batean martxorako aurreikusita zegoen ospakizuna bertan behera utzi eta hilabete batzuetara. Saioa sei minutuz baino ez da luzatu, aldeen arteko akordioa osatu eta auzitegiak epaia ahoz jakinarazi duen arte.

Frantziar Estatuak, zigorra bete ostean, 2019ko irailaren 4an espainiar Estatuan entregatu zutenetik Auzitegi Nazionalean irekitako hamabi auzirengatik erantzuteko, Iparragirrek zortzi epaiketa izan ditu dagoeneko, gaurkoa kontuan hartuta. Sei kondena eta 260 urte baino gehiagoko kartzela zigorra pilatutzen ditu, eta, aldiz, bitan absolbitu dute. Oraindik beste lau prozedura geratzen zaizkio.