NAIZ

«Euskararen errepublika independentea» aldarrikatzeko manifestazio nazionala egingo du EHEk

Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak «euskararen errepublika independentea» aldarrikatzeko manifestazio nazionala antolatu du datorren abenduaren 6rako Durangon, hizkuntza eskubideen defentsan, euskararen aurkako erasoen kontra, eta Euskal Herri euskaldunaren aldeko aldarria egiteko.

EHEk 2018an Iruñean egindako mobilizazioa. (Idoia ZABALETA/FOKU)
EHEk 2018an Iruñean egindako mobilizazioa. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduak «euskararen errepublika independentea» aldarrikatzeko abenduaren 6an Durangon egingo duen manifestazio nazionalaren berri eman du asteazken honetan. Mobilizazioa hurrengo larunbatean prentsaurreko batean aurkeztuko du.

«Azken garaian euskararen egoeraren inguruan ezagutu ditugun datu soziolinguistikoek argi adierazten dute euskararen normalizazio prozesua geldialdi larrian sartua dagoela, euskalgintzak behin eta berriz salatu duen bezala», ohartarazi du EHEk.

Horrekin batera, espainiar eta frantziar estatuen botereek, legeen onarpenaren bidez zein erabaki judizialen bitartez, euskalduntzean aurreratutako apurra mugatu eta inboluziora eramateko ahalegin betean daudela azken garaian salatu du.

Horregatik guztiarengatik, EHEren ustez «egungo hizkuntza politikek eta marko juridikoak eman behar zutena eman dute eta bestelako marko juridiko batera jauzi egiteko unea dugu euskara normalizatu eta euskaraz osoki bizitzera iritsi nahi badugu euskaldunok». Horretarako ezinbesteko baldintza burujabetza osoa eskuratzea dela uste du; «inolako kanpo-eskuhartzerik gabe erabaki behar dugu Euskal Herrian zein nolako hizkuntza politika garatu nahi dugun».

«Jauzi hori erdiesteko euskaltzaleak kalera ateratzeko unea dugu», adierazi du EHEk. Horretarako, hizkuntza eskubideen defentsan, euskararen aurkako erasoen aurka, eta Euskal Herri euskaldunaren aldeko aldarria egiteko, Euskal Herrian Euskarazek manifestazio nazionala egingo du abenduaren 6an Durangon. Larunbatean egingo duten agerraldian xehetasun gehiago emango ditu mugimenduak.