Idoia Eraso

Mintzalasai festibalaren 10. edizioak euskara Lapurdiko hiriguneko karriketan hedatuko du

Irailaren 20tik 26ra ospatuko da Mintzalasai festibalaren 10. edizioa Biarritz, Angelu eta Baionan. Egun bakoitzeko programazioa ardatz batzuen inguruan antolatua da: mugimendua, gogoeta, haurrak, plazerra, kultura, eta asteburuan, festa izanen da.

Mintzalasai festibalaren aurkezpena Biarritzen. (GUILLAUME FAUVEAU)
Mintzalasai festibalaren aurkezpena Biarritzen. (GUILLAUME FAUVEAU)

Mintzalasai festibalak 10 urte eginen ditu, eta astebetez mota guztietako animazioak proposatuko ditu Biarritzen, Angelun eta Baionan. Irailaren 20tik 26ra antolatuak diren hitzorduak gai desberdinen inguruan programatuak izan dira «irakurgarritasuna hobetzeko». Horrela astelehenean mugimenduari loturiko ekimenak izanen dira, asteartean gogoetarako parada izanen da, ondoko egunetan, haurrentzako programazioa, plazera eta kultura hartuko dira ardatz gisa, asteburuan, festari tokia egiteko.

Jaialdiak irauten duen bitartean, 54 ekimen proposatuko dira, 31 toki ezberdinetan, 51 elkarteren eskutik, eta 70 laguntzaileri esker. Asteazken honetan antolatzaileek Biarritzen egin duten aurkezpenean egitarauaren hitzordu batzuk nabarmendu badituzte ere, aukera ezberdinak deskurbitzeko hoberena haien webgunera joatea dela azaldu dute.

Aurtengo hitzordu berritzaileen artean, ostiraleko pijama gaua dago, non «pijama eta estalkiarekin abentura magiko bat bizitzeko» parada eskainiko den Biarritzeko Marion lakuaren inguruan. Festa giroan helduentzako proposamenak izanen dira ere, asteazkenean ‘escape game’-a izanen da Baionan, eta ateratzeko, euskara jakitea beharrezkoa izanen da.

Gogoetatzeko asteartean, ‘Eleaniztasuna etxean’ mintzagai izanen da, hiru hiriek osatutako eremuan errealitate soziolinguistikoa baita. Plazeraren eguna den ostegunean, cocktailak egiten ikasi ahal izanen da, besteak beste.

Asteburua festa handien eguna izanen da, eta aldi berean hitzordu historikoena, larunbatean Angelun Integrazio Batzordearen eskutik Glisseguna eginen baita, eta igandean Marion aintziraren inguruan Euskararen festa handia, familia eta lagun artean ospatzeko.

Euskararen doinua hirian zehar

Ipar Euskal Herriaren biztanlegoaren herena biltzen dituzten hiru hirietan euskararen presentzia murritzari aurre egiteko gure hizkuntzaren doinua eman nahi dio Mintzalasai desmartxak, eta horretarako festibala da hitzordu nagusia.

Iritzi publikoa euskararen, eta hizkuntzen gaiari loturiko gaiekin sentsibilitzatzea dute xede, eta aldi berean, «hizkuntza plazerrarekin lotu, hitzordu original eta berritzaileak proposatuz, euskara ikusgarri egiten duten eragile ezberdin anitz inplikatuz».

Desmartxa kolektiboa

Bide horretan norbanako eta eragile anitz bildu dira, 80 elkartek eta 700 laguntzailek hartu izan baitute parte Mintzalasain azken 10 urteotan. Aldi berean erakundeen sostengua ere badute, prentsaurrekoan ageri zen legez, bertan baitzen Maider Arosteguy Biarritzeko auzapeza, Anne Pinatel Euskara auzapezordea, baita Baionako bere parekidea den Xabier Parrilla ere.

Han izan dira ere bi hirietako euskara teknikariak, Baionako Philippe Jaureguiberry, eta Biarritzeko Eneko Gorri, Mintzalasairen hastapenetik antolatzaileetako bat ere badena. Eta beraiekin zen ere, Kepa Mouesca Mintzalasaiko presidentea.

Denen hitzetan desmatxa kolektiboa dela agerian gelditu da, eta auzapezak horren garrantzia aitortu du: «Euskara berpizteko erreferente bat da, eta oinarri herrikoia daukana, non ikuslegoak eta elkarteek bat egiten duten».

Euskaldunentzat bezala, horretarako bidean daudenentzat, edo interesatuak direnentzat ere badela nabarmendu du Pinatelek, «elkartzen duen hizkuntza» dela baieztatuz. Eta Mouescak «indarra partehartzaileekin batera sortzen» dela gaineratu du.

Beste eragile publikoek ere ematen diote sostengua dinamikari, horien artean dira Euskal Kultur Erakundea eta Euskararen Erakunde Publikoa.

‘Ingeleskadak’ saihesteko hiztegitxoa

Mintzalasaik sortu dituen hiztegitxoen bildumara, aurten liburuxka berri bat gehituko zaio, ‘ingeleskadak’ saihestekoa, hain zuzen ere. Ezohiko gaia dugu aurtengoa, eta aldi berean gizartean oso presente dagoena ere. Liburuxka honekin, «lexiko berri bat argitaratuko da, anglizismoei alternatiba eskaintzen diena» dela azaldu du Gorrik.

Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan zehar baliatzen diren tresna dira hiztegitxoak, baita Mintzalasairekin eskutik heldu den Besta Euskaraz kita ere. Webgunea bertako desmartxetaz gain, euskaldunentzako tresna baliagarria ere badela azaldu dute, eta dinamikaren arrakastaren adierazgarri gisara azaldu dute erabiltzaileen kopurua, 56.000 baino gehiagokoa izan dela urteko urtarriletik.