Andoni Arabaolaza

Rakaposhiren odisea "pirata" ondo amaitu da Pakistango pilotuen trebetasunari esker

6.900 metrora erabat blokeatuta egon ondoren, helikoptero batek Jakub Vlcek eta Peter Macek txekiarrak eta Wajidullah Nagri pakistandarra gaur erreskatatu ditu. Karakorumeko zazpimilako hori baimen ofizialik gabe igo dutenez, hirukoteak arazo burokratikoak aurrez aurre izango ditu.

Ez da antzezlan bat izan, baina hori dirudi. Jakub Vlcek eta Peter Macek txekiarrek eta Wajidullah Nagri pakistandarrak osatutako sokadak odisea berezia bizi izan dute Rakaposhi mendian (7.788 m, Karakorum).

Eta berezia diogu zazpimilako hori baimen ofizialik gabe igo, jaitsieran 6.900 metroko garaieran sei egunez blokeatuta egon eta gaur helikoptero batek erreskatatu dituelako. Onik, gainera.

Drama itxura izan duen espedizio horren erreskate lanei azpimarra berezia jarri behar zaie; izan ere, helikoptero pakistandarren gidariek arrisku handiko maniobrak egin behar izan dituzte.

Gertakizunak joan den 8an hasi ziren. Vlcek, Macek eta Nagrik Rakaposhiren tontorra erdietsi zuten. Bi egun beranduago, alarma piztu zen. Alpinistok ez zuten espero zen jaitsiera burutu, hego-mendebaldeko ertzaren sorbaldan (6.900 m) blokeatuta geratu zirelako. Eguraldi txarrak eta mendiaren baldintzek, gainera, egoera erabat okertu zuten.

Egoera hori ikusita, erreskate taldeak martxan jarri ziren, baina haizeteek eta alpinistok zeuden garaierak lan horiek bertan behera uztera behartu zituzten. Alternatiba ezberdinak mahai gainean jarri ziren. Adibidez, helikoptero batek sokak, janaria eta ura zituen poltsa bat alpinistei botatzea. Baina, eguraldiaren baldintzengatik, asmo hori bertan behera utzi zuten ere.

Atzo, berriz, klima lasaitu eta helikoptero batek aukera izan zuen elikagaiak igortzeko. Azkenean, laguntza horri esker, hirukote horrek aukera izan du 6.200 metroko garaierara jaisteko.

Arrisku handia

Kota horretan zirela, gaur bertan beste helikoptero bat alpiniston bila irten da. Hauek jasotzeko maniobra oso arriskutsuak egin behar izan ditu. Hala nola, 6.200 metroko kota horretan lur hartu du, eta Nagri eta Vlcek helikopterora igo dira.

Soilik bi lagun jaso zezakeen; Macek, beraz beste helikoptero baten zain geratu behar zen. Helikopteroa handik ateratzen hasi denean, panikoaren ondorioz, Macek-ek helikopteroan sartzeko salto egin du.

Txekiarraren jarrerak helikopteroa erabat desorekatu du, baina gidariak gai izan dira egoera bere onera ekartzeko. «6.200 merora egin daitekeen gauza ergelena da. Den-denen bizitza arriskuan jarri du; pilotuena zein bere kideena», adierazi du erreskate taldeko buru Nizarik.

Zorionez, odisea “pirata” hori ondo amaitu da. Hots, erreskate lanak. Baina hemendik aurrera Rakaposhi mendia igo duten hiru alpinistok buruhauste handi bat izango dute. Mendia baimenik gabe eskalatu dutenez, arazo burokratikoak aurrez aurre izango dituzte.