NAIZ

«Beste aldea» erakusketa, Ernesto Valverdek zaleei buruz duen ikuspegiaren islada

Ernesto Valverde entrenatzaileak Athletic, Olympiacos eta Bartzelonako zaleei eginiko argazkiekin erakusketa bat osatu du. Barne ikuspegitik ateratako irudiak dira, zuri-beltzean tratatuak, eta urriaren 28ra arte doan ikusi daiteke Bilboko Zabalguneko Merkatuko erakusketa aretoan. 

Ernesto Valverde, erakusketaren inaugurazio ekitaldian. (@ATHLETICLUB)
Ernesto Valverde, erakusketaren inaugurazio ekitaldian. (@ATHLETICLUB)

Ernesto Valverderen "Beste aldea" argazki erakusketa ikusgai dago Bilbon, Athletic Club Fundazioaren kultur egitarauaren barnean.

Athleticeko entrenatzaile ohiak, bere ibilbidean zuzendu dituen taldeetako zaleei buruz daukan ikuspegia islatu nahi izan du erakusketa honetan. 

24 irudiz osatutako bilduma da, eta Valverdek talde ezberdinetako zalegoen argazkiak batu ditu. «Barne ikuspegitik» ateratako argazkiak dira, «adibidez, taldea estadio batera hurbiltzen ari den autobusetik» ateratakoak baitira horietariko batzuk.

Zuri-beltzean tratatutako irudiak dira eta zale zuri-gorriez gain Olympiakos eta Bartzelona taldeen jarraitzaileen erretratuak ere badaude, Valverdek zuzendu dituen beste bi taldeetakoak, alegia.

Erakusketa doan ikus daiteke urriaren 28ra arte, astelehenetik ostiralera, Bizkaiko hiriburuko Zabalguneko Merkatuko erakusketa aretoan.

Ostegun honetan egin den inaugurazio ekitaldian, Valverderen alboan izan dira, besteak beste, Jon Azpiazu, bere ohiko bigarren entrenatzailea; Aitor Elizegi, Athleticeko presidentea; Juan Carlos Ercoreca, Fundazioko presidentea; eta Oscar de Marcos eta Mikel Balenziaga, Athleticeko jokalariak, bere bigarren etapako konfiantzazko futbolarietako bi.

«Kulturaren, hezkuntzaren eta futbolaren munduen arteko zubiak eraikitzea» helburu duen erakusketa honekin, Athletic Fundazioak «beste futbola benetakoa dela dela aldarrikatu» nahi du.