NAIZ

Metroaren kalteak isilarazteko gutunetaz EAJ eta PSEk ez dutela ezer esan salatu du EH Bilduk

Donostian Metroaren obrek eragindako kalteak isilarazteko kaltetuei igorritako gutunen aurrean EAJ eta PSEko agintariek ez dutela ezer esan salatu du EH Bilduk. Sei egun pasa direnean isilik jarraitzen dutela nabarmendu du eta Eneko Goiari aferaz hitz egiteko eskatu dio.

Zubieta kaleko zuloan langile bat. (@hiribizia)
Zubieta kaleko zuloan langile bat. (@hiribizia)

Donostian Metroaren pasantearen obrek eragindako kalteak isilarazteko kaltetuei dirua eskainiz gutunak bidaltzeko aferan, «obren arduradun politikoak ez dira oraindik gutun hauen edukitik eta erabilitako forma txarretatik desmarkatu», EH Bilduren udal taldeak salatu duenez. «Are okerrago, EAJko eta PSEko kargu politikorik ez da oraindik atera kaltetutako herritarrak defendatzera», gaineratu du.

«EH Bilduk gutun horiek salatu zituen joan den astelehenean, bai gehiegizko klausulengatik, bai erabilitako moduengatik, eta kaltetutako pertsonei gure babes osoa eskaini genien. Gainera, hainbat ekimen iragarri genituen administrazio publikoaren esku dagoen informazio guztia biltzeko, eta publikoki interpelatu genituen inplikatutako erakunde guztiak horren inguruan iritzia eman zezaten, gutun horiekin ez dutela bat egiten adierazteko eta herritarrei azaltzeko zein izan den Eusko Jaurlaritzaren ardura gai honetan, ea gutunen elaborazioan parte hartu duten eta abar», gogoratu du talde abertzaleak.

«Baina, esan bezala, albistea jakin zenetik sei egun igaro direnean, obretako arduradunek isilik jarraitzen dute. Inplikatutako erakunde publiko guztiek egin behar denaren kontrakoa egin dute. Lehenik eta behin, gardentasun ariketa demokratiko bat egiteari uko egin diote albistea jakin bezain laster. Eta, bigarrenik, esplizituki uko egin diote prentsako galderei erantzuteari. Gobernantza eredu hori errotik aldatu behar da. Herritarrek eskubide osoa dute administrazio publikoek beren dirua zertan gastatzen duten jakiteko, eta administrazio horiek kontuak emateko betebeharra dute», gaineratu du EH Bilduk.

«Baina jarduera hau ez da berria. Metro-pasanteko obren akats tekniko eta politikoen hamaikagarren pasartearen aurrean gaude. Gogora dezagun, adibidez, Eusko Jaurlaritzak 17 egun behar izan zituela maiatzean Kontxako kabinetan agertu zen hirugarren zuloa publikoki onartzeko. EH Bildu izan zen gertatutakoari buruzko informazioa eman zuena, bai bizilagunen bai langileen datuak bildu ondoren. Horrela bakarrik ezagutu ahal izan zen zulo horren tamaina handia, adibidez. Eta ez da ahaztu behar, halaber, Donostiako Udal Gobernua ahalegindu izan dela, behin baino gehiagoetan, obrak eta ondorio guzti hauek bereizten, adibidez, Zubieta kaleko 8. zenbakian zuloa agertu edota Zarautz Hiribideko atzealdeko lurjauzia gertatu bezain laster», gogoratu du EH Bilduk.

Gauzak horrela, EH Bilduk obra hauek izaten ari diren eraginei buruzko egia osoa jakitea exijitzen jarraituko duela iragarri du. Ildo horretatik, premiazko interpelazioa erregistratu du, datorren asteleheneko Udal Batzordeetan aztertuko dena, Eneko Goia alkateak gutun hauekin ez duela bat egiten aitortzeko eta kaltetutako herritarrei babesa adieratzeko. «Gertatutakoa ikusita, Donostiako Udaleko arduradun nagusiak ezin du beste erantzunik eman», nabarmendu du EH Bilduk.