Dabid Lazkanoiturburu

Saharan ISISen ustezko buruzagia hil duela ziurtatu du Armada frantsesak

Saheletik alde egiteko prest dagoen honetan, ISISek Saharan duen ustezko buruzagia aire eraso batean hil dutela ziurtatu du Estatu frantsesak. Adnan Abu Walid al Saharaui Polisarioko kidea izan zen bere garaian, jihad («gerra santua») bere egin zuen arte.

Soldadu frantziar bat Malin. (Maimouna  MORO-AFP)
Soldadu frantziar bat Malin. (Maimouna MORO-AFP)

Adnan Abu Walid al Saharaui ustez Estatu Islamikoak (ISIS) Sahara Handian duen agintari gorena «neutralizatu» dutela iragarri du gaur goizaldean Emmanuel Macron presidente frantsesak.  

«Sahelen ari diren erakunde terroristen aurkako borrokan beste garaipen handi baten aurrean gaude», idatzi du Twitterren Eliseo Jauregiko maizterrak, eta ‘Serval’ eta ‘Barjane’ operazioetan Afrikan hil diren soldaduak omendu ditu.

François Hollande orduko presidentes frantziarrak ‘Serval’ operazioan milaka soldadu bidali zituen Sahelera, erakunde jihadistek tuaregen matxinada bat profitatu eta Maliko iparraldea kontrolpean hartu zutenean –Bamako hiriburua begi-bistan zuten–.

‘Serval’ ‘Barkhane’ bilakatu zen 2014an. Ordutik gaur arte 5.100 soldadu frantses daude basamortu erraldoi hartan.

Macronek operazioaren amaiera iragarri zuen joan den ekainean, Estatu frantsesak «ezin dituelako ordezkatu bereak diren ardurak hartzen ez dituzten eta segurtasuna eta zerbitzu publikoak bermatzen ez dituzten bertako Estatuak (Mauritania, Mali, Burkina Faso, Niger eta Txad).

Aitzakia eta benetako arrazoiak

Saheletik irteteko aitzakia Amerikako Estatu Batuek Afganistanetik gauza bera egiteko erabili duten berbera da.

Baina atzera egite honen benetako arrazoia beste bat da. Bertako herrialdeetako jendeak ez ditu soldadu frantsesak bertan nahi eta batzuk jihadisten artean muturrekoenak ez diren taldeekin hitz egitearen alde daude.

Estatu frantsesean ere gero eta gogorragoak dira horrelako operazioen aurkako kritikak. 50etik gora soldadu frantses hil dira liskarretan eta urtero 1.000 milioi euro xahutzen dira.

Izan ere, operazioan zazpi ehiza-bonbaketari, 20 helikoptero, 8 garraiorako hegazkin, 280 pixuzko blindatu, 220 ibilgailu arin eta 400 ibilgailu logistiko erabiltzen dira.

Hemendik aurrera terrorismoaren aurkako indar bereziak erabiliko ditu Estatu frantsesak bere aliatuen laguntzarekin.

Polisarioko kide ohia

Sahara Handiko Estatu Islamikoaren (EIGS) ustezko buruzagia aire eraso baten erail dutela ziurtatu du Florence Parly Armen ministro frantsesak.

Adnan Abou Walid al-Saharaui Fronte Polisarioko kidea zen eta Maghreb Islamikoaren Al Qaedarekin (AQMI) bat egin zuen. Irak eta Siria artean ISISek eratu zuen kalifatoaren haritik, EIGS sukurtsala eratu zuen 2015an.

Mali, Niger eta Burkina Faso arteko «muga hirukoitzean» sarritan eraso odoltsuak egin ditu EIGS taldeak atzerriko eta bertako soldaduen aurka, zibilen eta bolondres humanitarioen erailketak ahaztu gabe.

Al Qaeda du ISISek lehiakide Sahelen, Islamari eta Musulmanei Laguntzeko Taldea (JNIM) hain zuzen ere. Buruzagia Iyad Ag Ghaly omen da. Estatu frantsesaren «lehen etsai publikoa». Bizirik jarraitzen du, omen.