Koilara, Palestinako «askatasunaren» ikurra ihesaldi epiko baten ostean

Koilara apalak bere lekua hartu du bandera eta estandarte tradizionalen ondoan, Palestinako erresistentziaren ikur gisa, sei presok Israelgo segurtasun handiko kartzela batean ihes ikusgarrienetako bat egin ondoren.

Koilara, Gilboako espetxetik ihes egin zuten sei preso palestinarrek erabilitako tresna eta egun Palestikako askatasunaren ikur. (Ahmad GHARABLI/AFP)
Koilara, Gilboako espetxetik ihes egin zuten sei preso palestinarrek erabilitako tresna eta egun Palestikako askatasunaren ikur. (Ahmad GHARABLI/AFP)

Palestinako manifestazioetan ez dira banderak eta pankartak bakarrik ateratzen. Duela egun batzuetatik hona, bertaratutakoek beste objektu bat altxatzen dute eskuetan, lehen begiratuan harrigarria dena: koilara bat, preso batzuek Israelgo kartzela batetik ihes egiteko erabilia eta «askapenaren» ikur bihurtua.

Irailak 6, astelehena. Palestinako eta Israelgo sare sozialak astintzen hasi dira, Israelgo iparraldeko segurtasun handiko espetxe batean sei preso palestinarren ihesari buruzko informazioa iritsi ahala.

Bainugela baten azpian zulatutako tunel baten eta lurrean egindako zulo baten irudiak, Gilboako espetxetik kanpo, zirkulatzen hasten dira, eta hashtag bat zabaldu da: #KoilaraMiragarria.

Hasieran zaila izan zen jakitea elezahar bat ote zen edo koilara bat erabili ote zuten tunela zulatzeko, baina atxilotuetako baten abokatuak asteazkenean esan zion AFP agentziari ihesa abenduan hasi zela planeatzen, koilara, plater eta teontzi baten heldulekuaren laguntzarekin.

Israelgo segurtasun indarrek lau iheslari berriro atxilotu zituzten arren, ihesaldia, Hollywoodeko film bat egiteko modukoa, Israelen «etsaiaren» aurkako «garaipentzat» hartzen dute palestinarren artean.

Manifestari bat koilara batekin Gazan, ihes egindako presoei elkartasuna adierazteko egindako manifestazio batean. (Said KHATIB/AFP)

«Borondatez, arretarekin, eta maltzurkeriaz, koilara batekin tunel bat egitea posible izan zen, palestinarrak askatu ziren eta etsaiak preso amaitu zuen», esan zuen Sari Orabi idazleak ‘Arabi 21’ albiste orrian.

Ihesak barregarri utzi du ere Israelgo segurtasun sistema, koilara bat agertzen den marrazki batzuen egile den Mohamed Sabaaneh karikaturagile palestinarraren ustez. Marrazki horietako baten izena «askatasunaren tunela» da, hainbat palestinarrek operazio honi emandako izena.

«Mirarizko koilara»

Mirarizko koilararen fenomenoa lurralde palestinarretatik haratago ere hedatu da. Kuwaiten, Maitham Abdal artistak koilara bati indarrez heltzen dion esku erraldoi bat zizelkatu zuen, ‘Askatasunaren koilara’ izeneko lana.

Maitham Abdal artista kuwaitarraren ‘Askatasunaren koilara’ izeneko eskultura. (Yasser AL-ZAYYAT/AFP)

Jordanian, Raëd Al-Qatnani grafistak, askatasunerako zubi bat irudikatzen zuen koilara erraldoi bat marraztu zuen. Sei silueta agertzen ziren bertan. Gorriz, goian, «Oh, askatasuna» irakur daiteke.

Artista palestinar honen ustez, preso palestinarrek euren atxiloketa baldintzen aurka protesta egiteko egindako gose greba ugariak ere gogora ekartzen ditu.

Tulkaremen, Zisjordaniatik iparraldera dagoen hiri palestinarran –Israelek 1967tik okupatutako lurraldea– ihesaldiak esanahi berezia du Ghassan Mahdawirentzat.

Palestinako lehen intifadan (1987-1993) mugimendu armatu bateko kide izateagatik atxilotu zuten palestinar preso ohi honek beste preso batekin batera ihes egin zuen Israelgo kartzela batetik 1996an, iltzeekin zulatutako 11 metroko tunel bati esker, AFPri esan zionez.

«Presoak edozer gauza egiteko gai dira (...) eta, gainera, beti dago akats bat segurtasunean», dio gizon horrek; izan ere, berriro atxilotu zuten eta 2009an atera zen kartzelatik, espetxean 19 urte eman ostean.

Haren arabera, ihes egin zuten presoek beste objektu batzuk erabili ahal izan zituzten, koilaraz gain. «Israelgo kartzela batetik ihes egitea atxilotu guztiek duten pentsamendua da», esan du. Eta koilara baten laguntzaz ihes egitea «historiara pasatuko da».