NAIZ

Euskaraz bizitzeko Euskararen Errepublika aldarrikatuko du EHEk Durangon abenduaren 6an

Euskaraz bizitzeko Euskararen Errepublika aldarrikatuko du EHEk abenduaren 6an Durangon egingo duen manifestazioan. Euskara arriskuan dagoela nabarmendu dute gaur egin duten agerraldian, bi estatuen konstituzioa eta egungo oinarri juridikoek hizkuntzaren etorkizuna ez dutela bermatzen gaineratuz.

EHEk gaur Durangon egin duen agerraldia. (EHE)
EHEk gaur Durangon egin duen agerraldia. (EHE)

Euskararen Errepublika aldarrikatuko du EHEk abenduaren 6an Durangoko Landako gunetik abiatuko den manifestazioan gaur aurreratu dutenez. «Garai nahasi eta ziurgabeak bizi ditugu. Mehatxuz eta erronkez betetako garaiak. Baita euskararen normalizazio-prozesuarentzat ere. Mota guztiko aldaketa sakon eta azkarrak gertatzen ari dira (politikoak, sozialak, teknologikoak, ekonomikoak), euskaldunon hiztun-komunitatea berregituratzeko prozesuari bete-betean eragiten diotenak. Helburu dugun Euskal Herri euskalduna eraikitzea kolokan jartzen duten aldaketak hain zuzen ere», adierazi dute gaur Durangon egin duten agerraldian.

«Izan ere, espainiar eta frantziar estatuen jazarpen linguizidak XX. mendean euskara ia desagertzeko zorira eraman eta gero, azken mende erdian euskaltzaleok egindako izugarrizko ahaleginari esker, euskara galzoritik ateratzea lortu dugu eta ostutako lurraldeak eta funtzioak neurri batean berreskuratu ditugu. Baina euskarak ez du etorkizuna ziurtaturik inola ere ez», gaineratu dute.

«Horrela, zintzoa den inork ezin esan dezake zinez euskarak XXII. mendera ere bizirik iristea ziurtatua duenik. Unescok berak ohartarazi duen bezala, munduan egun hitz egiten diren 7.000 hizkuntzetatik erdia mende honen erdi alderako desagertuko da. Hau da, astero hizkuntza bat desagerrarazia izaten ari da. Beste modu batera esanda, 7.000 hizkuntza horietatik XXII. mendean kopuru mugatu bat besterik ez da hitz egingo. Euskaldunok ziurtasunez esan al dezakegu euskara horietako bat izango denik?», galdetu dute.

«Etorkizun beltza»

«Etorkizun beltz horrek orainaldian ditu errotuak sustraiak. Adierazia dugu euskaltzaleok azken mendi erdian egindako lanari esker, euskararen berreskurapen prozesua abiatu eta eremu esanguratsuak irabazi ditugula euskararentzat. Baina bistan da egun euskara ez dagoela normalizatuta, euskaldunok ezin garela osoki euskaraz bizi. Horrela, euskararen ezagutzaren transmisioa Euskal Herriko haur eta gazteen zati bati ziurtatzen zaio, ez osotasunari; are okerrago, azken ikerketek adierazi duten bezala, gero eta kopuru txikiagoan egiten ari da transmisioa (edo ezagutza maila eskasagoarekin), baita D ereduan ere. Euskara ukatu zaien helduen kasuan ere, oso proportzio txikian ari da nolabaiteko euskara ezagutza jasotzen, dirutza handiak gastatuz gainera beraien buruak euskalduntzeko, espainiera edo frantses ikastaroak doakoak diren bitartean Euskal Herri luze-zabalean. Administrazio publikoan orohar aurrerapen handiak egin diren arren, ia ez dago administraziorik euskaraz normaltasunez lan egiten duenik. Eremu pribatuan zer esanik ez, euskara erdaren ozeanoan disolbatutako tanta bat besterik ez da lan munduan eta aisian», esan dute.

«EHEk ez du gutxietsi nahi inola ere ez azken hamarkadatan euskararen normalizazioan aurreratutakoa. Alderantziz, harro egoteko eta positiboki baloratzekoa da egindako lan guztia eta eskuratutako emaitzak. Euskararen berreskurapenean lortutakoa salbuespena da desagerrarazteko zorian dauden milaka hizkuntzen artean, zoritxarrez. Baina ez ditzagun gure buruak engaina. Arduradun politiko eta sektore batzuen diskurtso autokonplaziente eta triunfalisten aurrean, errealismo ariketa egin eta egoera objektibotasunez aztertu behar dugu: euskararen berreskurapen- eta normalizazio-prozesua ez doa ondo. Hori da errealitate gordina. Gero eta ikerketa, datu eta behaketa enpiriko gehiagok hori adierazten ari dira; ikusi nahi dituenarentzat behintzat», adierazi dute.

«Bi estatuen inposaketa»

«Bi estatuen konstituzio eta oinarrizko arkitektura juridikoek inposatzen duten espainiera eta frantsesaren supremazismoa gutxi ez eta, egunero-egunero bi estatuen botereak, legeen onarpenen bidez zein erabaki judizialen bitartez, euskalduntzean aurreratutako apurra mugatu eta inboluziora eramateko ahalegin betean daude azken garaian. Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan murgiltze eredua indarrean jarri ahal izateko baimena Parisen erregutu beharrean aurkitzen gara, uneko politikariaren nahikeriaren arabera onartuko zaigularik ala ez. Nafarroan, Gobernuak alemaniera euskararen gainetik baloratzeko inolako lotsarik ez du. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, euskararen normalizazioan urrats ausart bat eman orduko, epaitegiek urrats hori auzitan jarri eta mugatu edo debekatuko dute; lan deialdi publikoetan euskararen ezagutza eskatu denean edo udalek euskaraz lan egin ahal izatea bermatu den kasuetan bezala. Azken garaiko aferak besterik ez aipatzearren», azaldu dute.

«Horregatik guztiarengatik, EHEren ustez egungo hizkuntza-politikek eta marko juridikoek eman behar zutena eman dute eta bestelako marko juridiko batera jauzi egiteko unea dugu, euskara normalizatu eta euskaraz osoki bizitzera iritsi nahi badugu euskaldunok. Zerumugan azaltzen ari diren erronka eta mehatxuei gutxieneko bermeekin aurre egin ahal izateko eta estatuen etengabeko inposizio linguistikotik euskaldunak babesteko ezkutua eraikitzeko, ezinbesteko baldintza burujabetza osoa eskuratzea dela uste du EHEk. Hau da, inolako kanpo-eskuhartzerik gabe soilik Euskal Herrian erabaki behar dugula zein nolako hizkuntza-politika garatu nahi dugun berton», aldarrikatu dute.