NAIZ

Berrobin duela sei egunetik desagerturik zegoen gizona onik aurkitu dute

Onik aurkitu dute joan den asteartetik Berrobi aldean desagertua zegoen 33 urteko gaztea. Halaxe jakinarazi du Lakuako Segurtasun Sailak. Antza denez, bilaketaren berri zuen pertsona batek aurkitu du astelehen honetan, Andoain eta Leitza arteko baserri bide batean.

Gipuzkoako Berrobi inguruan joan den asteartetik desagertuta zegoen 33 urteko gizonezkoa onik aurkitu dute astelehen honetan, arratsaldean, Lakuako Gobernuko Segurtasun Saileko iturriek jakitera eman dutenez.

Larrialdi zerbitzuak joan den asteartetik ari ziren gizona bilatzen Berrobi inguruan, eta azkenean bilaketaren berri zuen pertsona batek aurkitu du arratsalde honetan, Andoain eta Leitza arteko baserri bide batean.

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 33 urteko gizonezkoa onik aurkitu dute, eta arratsaldeko bostak aldera osasun zerbitzuek artatu dute osasun etxe batean.

Motorrarekin atera zen mendira

Gaztearen bilaketa joan den asteartean hasi zen. Gizona motorrarekin buelta bat emateko asmoz joan zen mendira, baina ez zen etxera itzuli eta kezkatuta, hurbilekoek abisua eman zuten.

Mendiko erreskate taldeak parte hartu du bilaketan. Eta txakurrekin eta helikopteroz ere ibili dira eginahalean. Gurutze Gorria, DYA eta suhiltzaileak izan dituzte lagun. Eta, jakina, inguruko boluntario saila ere bai.

Larunbatean, erreskate zerbitzuek motozikleta topatu zuten mendian, baita mutilak zeraman motxila ere, baina bere arrastorik ez.

Astelehen honetan aurkitu dute azkenean, onik.