NAIZ

Ecomagnet eta Wattson proiektuek eskuratu dituzte MUBIL Mobility Awards sariak

Mugikortasun iraunkor eta adimendunaren arloan landutako proiektu «iraultzaileak» saritu ditu MUBIL Mobility Awards ekimenak. Zehazki, Gipuzkoako Ecomagnet eta Madrilgo Wattson proiektuak. Bi enpresek urtebeteko egonaldia egingo dute MUBIL ekosisteman, egitasmoa gauzatzeko.

MUBILen sariak ekitaldi honetan jakinarazi dituzte gaur astelehenean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
MUBILen sariak ekitaldi honetan jakinarazi dituzte gaur astelehenean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

MUBIL Mobility Awards ekimenak mugikortasun iraunkor eta adimendunaren arloko egitasmo «iraultzaileak» saritu ditu. Gipuzkoako Ecomagnet enpresak 25.000 euroko lehen saria eskuratu du, eta Madrilgo Wattson izan da bigarren (10.000 euro). Gainera, bi enpresek urtebeteko egonaldia egingo dute MUBIL ekosisteman, beren proiektua gauzatu eta 2022ko martxoan egingo den Go Mobility by MUBIL azokaren hirugarren edizioan aurkeztu ahal izateko.

Ecomagneten proiektuak motor elektriko zaharkituen materialak berreskuratzearen eta prozesatzearen aldeko apustua egiten du. Iman iraunkorrak fabrikatzeko lur arraroak lortu nahi ditu, motor elektriko berrietan ezinbestekoak baitira. Wattsonek, berriz, kargatzeko estazio mugikor bat asmatu du, biltegiratze sistema garraiagarri batean oinarritua.

Astelehen honetan egin den sari banaketa ekitaldian, bi ekimen irabazleek beren proposamenak defendatu dituzte, beste lau proiekturekin batera. Epaimahaiak finalista guztien kalitatea goraipatu du.

Klima aldaketari aurre egiteko alternatibak

Antonella Broglia berrikuntza sozialaren arloko nazioarteko erreferenteak adierazi du MUBIL «eredu» dela hirien garapen jasangarri eta inklusiboari dagokionez, elkarlan publikoa eta pribatua bateratzeko eta klima aldaketari aurre egiteko alternatiba bideragarriak proposatzeko gai delako.

Sariak MUBILek antolatu ditu, ‘Etorkizuna Eraikiz’ ekimenaren barruan. Honek lankidetza publiko-pribatua bultzatzen du Gipuzkoa eta EAE «mugikortasun berriaren sektorean nazioarteko erreferente» bihurtzeko helburuarekin.