NAIZ

Parisek lurralde debekua kendu ostean Baionako auzitegian hitzordua du Igor Uriartek

Parisko Zigor Epaitegiak joan zen maiatzean erabaki zuen Igor Uriarte gasteiztarrari ezarri zioten lurralde debekua bertan behera uztea. Irailak 21ean Baionako epaitegian iraganen den auzian iazko urrian zabaldu zioten zigor prozedura izanen dute aztergai.

Igor Uriarte, bere bikotekidearekin, Baionako kartzelatik atera berritan, iazko urriaren 8an. (NAIZ)
Igor Uriarte, bere bikotekidearekin, Baionako kartzelatik atera berritan, iazko urriaren 8an. (NAIZ)

Parisko Zigor Epaitegiak joan zen maiatzean erabaki zuen Igor Uriarte Lopez de Bikuña gasteiztarrari kartzelatik atera zenean ezarri zioten lurralde debekua bertan behera uztea.

Irailak 21ean, ordea, iazko urrian Baionan ireki zioten auziaren emaitza  izanen dute aztergai.

Oroitzearren lehen aldia da euskal preso ohi bati frantses Estatuan egoteko emandako debekua kendu diotela.

Are, Fiskaltza antiterroristak bere onespena eman zion aurrekari gisa balio dezakeen erabakiari.

«Fiskaltzaren jarrera berria da, lehen ate hori erabat itxia zen, beraz aldaketa esanguratsu bat izan da, goiz da esateko beste kasuei nola eragingo dien, baina zalantzarik gabe aurrekari bat da», nabarmendu zuen Auzitegi Korrekzionalaren erabakia ezagutu zuenean Maritxu Paulus Basurcok.

Lurralde debekua bertan behera gelditu ondoren Baionan eginen du hurrengo urratsa auziak.

Joan zen urrian bai epaileak baita fiskalak ere bere egoera erregularizatzeko gomendioa eman zioten Uriarteri horrendako urte bateko epea finkatuz.

Alta, Parisko prozeduraren gaineko erabakia ezagutu arte Urruñan baratzegile gisa lan egiten duen arabarra berriz Hego Euskal Herria joateko behartua izan zen.

Behin lurralde debekua kendu diotela dagoeneko Urruñan egoteko oztoporik ez du preso ohiak.

Uriarteren egoera guztiz normalizatzeko, Parisko Zigor Epaitegiak harturiko erabakia aurkeztuko dio abokatuak Baionako epaileari preso ohiari zigorra ezartzeko asmoa alboratzea galdeginez.

Atxiloketa

Igor Uriarte  2013ko maiatzaren 7an atxilotu zuen Polizia frantsesak . Epaileak ezarritako 6 urteko espetxe zigorra beteta, aske geratu zen 2018ko martxoaren 23an, baina Estatu frantsesean egoteko lurralde debekua ezarri zion Parisko Auzitegi Korrekzionalak.

Espetxetik atera ostean Urruñan gelditu eta bertan enpresa bat sortu zuen. Horri begira Prefeturak ematen dituen baimen guztiak jaso zituela nabarmendu zuen bere defentsak iazko udazkenean Uriarteri egin zioten auzian.

2020ko urriaren 6an frantses Poliziak preso ohia atxilotu zuen Ziburun, errepide kontrol batean, eta lurralde debekua ez errespetatzea egotzi zioten.

Bere kontrako prozedura zabaldu zuen Baionako epaileak urte bateko epea eman zion bere «egoera administratiboa» erregularizatzeko. Ez zuten Urruñan bizi zen herritarra kanporatu, baina Estatu frantsesean egoteko bere aurka emandako debekuak indarrean zegoenez Arabara bizitzera itzuli zen.

Baionako epaitegiak Uriarteren aurkako auzia ireki bezain laster defentsak lurralde debekua kentzeko eskaera aurkeztu duen Parisko Zigor Auzitegian.

Maiatzean jakinarazi zuen ebazpenaren bidez Igor Uriartek Ipar Euskal Herrian bizitzeko eskubidea onartu zuen aipaturiko auzitegiak.