NAIZ

Europako Funtsekin Estatuak orain arte egin duen banaketa gaitzetsi du Lakuak

Espainiar Gobernuak hemendik aurrera, Europako funtsen banaketa eta erabilerak zehazterakoan, «ekonomia osoaren gainean izan behar duten izaera eraldatzaileari gehiago eta hobeto erantzutea» eskatu du Lakuako Gobernuak.

Pedro Azpiazu, artxiboko irudian. (IREKIA)
Pedro Azpiazu, artxiboko irudian. (IREKIA)

Pedro Azpiazuk, Lakuako Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak, eta Jordi Campas, Ekonomiako eta Europako Funtsetako sailburuordeak, Estatutik autonomia-erkidegoei transferitzen ari zaizkien Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoko zenbatekoei buruz xehetasunak eman dituzte. Orain arte banatutako 14.214 milioi euroetatik —aldi osoan autonomia-erkidegoetara transferitzeko aurreikusitakoaren %40 inguru— EAEri 538 milioi euro egokitu zaizkio.

«Europako funtsen bidez sustatu nahi diren politika publikoen garapenean posizio erlatibo hobea duten autonomia-erkidegoak, hala nola Euskadi, kaltetzen dira», adiearazi dute. Gaineratu dutenez, pandemiak osasunaren eta ekonomiaren aldetik izandako eragina kontuan hartu denez gero, espainiar Estatua izan da funtsen lehen hartzailea, guztira 70.000 milioi euro diru-laguntzetarako eta 70.000 milioi euro maileguetarako.

«Hala ere, hori ez da barne banaketaren irizpidea izan. Euskadik 21. osagaitik (hezkuntza-sistemaren modernizazioa eta digitalizazioa, 0-3 urteko hezkuntza goiztiarra barne) banatutako funtsen %3,1 jaso du; 4. osagaitik (ekosistemen eta haien biodibertsitatearen kontserbazioa eta leheneratzea) banatutako funtsen %1,3 jaso du; 8. osagaitik (azpiegitura elektrikoak, sare adimendunen sustapena eta malgutasunaren eta biltegiratzearen hedapena) banatutako funtsen %6,23 jaso du; edo 23. osagaitik (lan-merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusiborako politika publiko berriak) banatutako funtsen %5,9 jaso du», azaldu dute.

Prozesu hau «erkidegoak kontuan hartu gabe» egiten ari direla kritikatu dute. «Egikaritu beharreko jarduketen edukiak egokitzeko ahalmen mugatua dago. Hala gertatu da, esate baterako, 14. osagaian (turismo-sektorearen modernizazio- eta lehiakortasun-plana) edo 22. osagaian (zaintza-ekonomiarako eta inklusio-politiken errefortzurako talka-plana). Beste batzuetan ez da eragin-ahalmenik izan, hala nola 5. osagaian (itsasertzaren eta baliabide hidrikoen zaintza), 20. osagaian (Lanbide Heziketa sustatzeko plan estrategikoa), 21. osagaian (hezkuntza-sistemaren modernizazioa eta digitalizazioa, 0-3 urteko hezkuntza goiztiarra barne) edo 24. osagaian (kultura-industriak balioa handitzea)», azaldu dute.

Bestetik, «inbertsio edo eraldaketa izaera argi» baten falta leporatu diete. «Gehiago lotzen dira susperraldi ekonomikoarekin, Espainiako ekonomiaren beharrezko eraldaketarekin baino. Ildo horretatik, nabarmentzekoa da 2. osagaiaren (etxebizitza birgaitzeko eta hiri-berroneratzeko plana) transferentzia; izan ere, 2021. urtean egindako transferentziarik handiena da».

Estatuaren zuzeneko kudeaketa

Estatuak zuzenean egiten duen kudeaketaren zati handi bat norgehiagoka-erregimeneko laguntzen deialdien bidez bideratuko da. Batzuetan, deialdi horiek existitzen dira eta baliagarriak izango dira Estatuko Aurrekontu Orokorretako ohiko funtsak osatzen dituzten funtsak bideratzeko. Beste batzuetan, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko funtsak bideratuko dituzten beste deialdi batzuk ari dira diseinatzen. Hala gertatuko da, adibidez, Susperraldi eta Eraldaketa Ekonomikorako Proiektu Estrategikoetan, Lakuako Gobernuak azaldu duenez.

Orain arte, guztira 39 deialdi egin dira Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko osagaietarako, eta, guztira, 3.300 milioi eurotik gorako inbertsioa egin da. «Oraindik ez dakigu zenbateko horretatik zenbat iritsiko den Euskal Autonomia Erkidegora», nabarmendu dute.

«Espero dugu ateratzeko falta diren deialdiek gehiago eta hobeto erantzutea funts horiek ekonomia osoaren gainean izan behar duten izaera eraldatzaileari. Era berean, espero dugu, inbertsioek aukera ematea Atzeraldi Handitik Estatuko ekonomia osoan narriatu den kapital-stocka berreskuratzeko —azaldu du Azpiazuk—. Inbertsiorako unea da, eta horrela egingo dugu gure baliabideekin ere».