NAIZ

Afrikarren %3,6 soilik daude txertatuak, europarren %60tik urrun

Koronabirusaren aurkako txerto preziatuen lasterketan, herrialde aberatsek ez dituzte beti promesak bete dosiak diru-sarrera txikiak dituzten herriekin elkarbanatzerakoan. Afrikan, biztanleen %3,6 soilik daude txertatuak, Europako eta Britainia Handiko %60tik urruti.

Johannesburgoko herritar bat, covidaren aurkako txertoa jasotzear. (Phill Magakoe / AFP)
Johannesburgoko herritar bat, covidaren aurkako txertoa jasotzear. (Phill Magakoe / AFP)

Mundu osoan banatutako covidaren kontrako 6.000 milioi dosi inguruetatik %2 soilik eman dira Afrikan. Kontinente honetako herrialdeek zuzenean erosten dizkiete txertoak fabrikatzaileei. Bestela beste herrialdeek emanda edo Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) Covax sistemaren bidez jasotzen dituzte.

Afrikako Batasunak ere eskuratu ditu dosiak, eta kideen artean banatzen ditu.

Baina OMEk eta Afrikako Batasunak zailtasunak dituzte beharrezko dosiak lortzeko, herrialde ekoizle batzuek esportaziorako mugak jarri dituztelako eta fabrikatzaileek akordioak lotuta dituzten gobernu batzuei ematen dietelako lehentasuna.

Hala, herrialde aberatsen soberakinen gero eta mendekoago dira herrialde afrikarrak.

Emaile nagusia, AEBak

Afrikari agindutako 77,5 milioi dosien hiru laurdenak eman dira, hau da, 57 milioi, Unicefen arabera. Mendebaldeko herrialdeak dira promesak egiten lehenak. Ekainean, G7ak ehunka milioi dosi emanen zituela iragarri zuen, baina horietako gehienak ez dira oraindik iritsi.

AEBak ageri dira herrialde emaileen buruan: 31,5 milioi dosi eman dituzte, Txinak baino gehiago (6,8 milioi). Britainia Handiak 5,3 milioi eman ditu eta Estatu frantsesak, 4,5 milioi, datu ofizialen arabera.

Patenteak askatzeko eskaera

Ez da ahantzi behar herrialde industrializatuek ez dutela covidaren kontrako txertoen patenteak askatzerik lortu. Horrek diru-sarrera txikiak dituzten herrialdeei tokian toki txerto generiko merkeagoak sortzeko aukera emanen lieke.

«Hori da pandemia honen historia. Denak mintzatzen dira, baina inork ez du ezer egiten», adierazi du haserre Fatima Hassan Hegoafrikako Justizia Osasuna Ekimena GKEko kideak. «Gainontzeko mundua ez da Afrikaz kezkatzen».

Inork deus emateari itxaron gabe, txertoen merkaturako bidezko sarbide bat exijitzen du Afrikak.

«Emaileak izan ditzakegu, baina nahi duguna erosi ahal izatea da», baieztatu du Afrikako Batasuneko ordezkari batek. Txertoen esportazioen mugak kentzea eskatu du.

Zer gertatzen da Txinarekin?

Mendebaldeko donazio gehienak Covax sistemaren bidez egin dira. Txinak, ordea, bi aldetako akordioak sinatu ditu Afrikako herrialdeekin. Kanpo laguntza, merkataritza eta azpiegituren eraikuntzarako aktore garrantzitsua bihurtu da Asiako potentzia handia.

Verisk Maplecroft arriskuen aholkularitzako kide Hugo Brennanek esplikatu duenez, txertatzeko bere estrategia bertan fabrikatutako dosien eraginkortasunaren inguruko etengabeko kezkek trabatu dute.

Brennanek azpimarratu duenez, Afrikari emandako txertoak AEBen eta Txinaren arteko fronte geopolitiko ugarietako bat dira.

Bestalde, Errusiaren asmoak zapuztuta gelditu dira, batez ere ekoizpen erazoak direla-eta.

Orduan, zein da hurrengo etapa? Nazio Batuen Asanblada Orokorretik kanpo aste honetarako deitutako bilera batek fruituak emateko itxaropena dute batzuek.

Bigarren Mundu Gerran egindako sarrerarekin alderatuz

AEBetako presidente Joe Bidenek estatuburu, enpresa eta GKEak gonbidatu ditu «pandemiarekin bukatzeko» eztabaidatzera. Bidenek AEBek Bigarren Mundu Gerran egin zuten sarrerarekin alderatu du herrialdea, txertoen emaile nagusia, egiten ari den ahalegina.

«AEBek gauza baikor ugari egin dituzte munduko konpromisoekin lotuta (…), baina hori ez da txertoetan ikusi», baieztatu du, ordea, Mitchell Warren Avac GKE estatubatuarreko aktibistak.

Afrikak babes nahikoa al du immunitate maila bat lortzeko? «Momentuz, ez ditu hainbeste lagun», azpimarratu du Cobus Van Staden Hegoafrikako Nazioarteko Harremanen Institutuko adituak.