NAIZ
Washington

George Floyd hil zuen poliziak ezarri zioten 22 urteko espetxe zigorra errekurritu du

Derek Chauvin Mineapoliseko Poliziako agente ohiak George Floyd afroamerikarra hiltzeraino itotzeagatik ezarri zioten 22 urte eta erdiko kartzela zigorraren aurkako helegitea aurkeztu du.

George Floyden irudiak, Poliziaren indarkeria eta arrazakeriaren aurkako protesta batean. (Kerem YUCEL/AFP)
George Floyden irudiak, Poliziaren indarkeria eta arrazakeriaren aurkako protesta batean. (Kerem YUCEL/AFP)

Chauvinek azken unean aurkeztutako errekurtsoan jasotzen denez, ez du ez dirurik ez legezko ordezkaritzarik prozesu judizialerako eta, era berean, «praxi txarra» eta «aurreiritziak» leporatu dizkie fiskalei, «indarraren erabilerari buruzko frogarik» onartu ez zutela argudiatuta.

Halaber, kritikatu du epamahaia hautatzeko orduan auzitegiak ez ziola defentsari «joera argi bat zuten epaimahakideak» erretiratzen utzi, eta 2019an Floyden atxiloketa bati buruzko frogak «murrizteko» erabakia hartu zuela, CBS AEBetako telebista kateak jaso duenez.

Iragan apirilean, Chauvin bigarren graduko nahigabeko hilketaren, hirugarren graduko hilketaren eta 2020ko maiatzean Floyden heriotzak eragindako bigarren mailako hilketaren errudun jo zuten herri epaimahaiko hamabi kideek. Fiskaltzak 30 urteko espetxe zigorra eskatzen zuen.

Aurrekaririk ez zuenez, Chauvinek 40 urteko espetxe-zigorra saihestu zuen bigarren graduko nahi gabeko hilketagatik, 25 urtekoa hirugarren graduko hilketagatik eta hamar urtekoa bigarren graduko hilketagatik.

22 urte eta erdiko kartzelaldia ezarri zioten, azkenean, joan den ekainean.

Floyd 2020ko maiatzean atxilotu zuten Mineapolisen, establezimendu batetik irtetean, zigarro pakete bat ordaintzeko billete faltsu bat erabili zuelakoan.

Operatibo hartan eskuburdinak jarri zizkioten eta, lurrean zegoela, Chauvinek bederatzi minutu baino gehiagoz zapaldu zion lepoa belaunarekin, itota hil zen arte. Hainbat aldiz adierazi zien ezin zuela arnasik hartu, baina ez zioten kasurik egin

Floyden heriotzak, bertan zeuden oinezkoek bideoz grabatua izan zenak, mundu mailako sumindura eragin zuen, eta berriro mahai gainean jarri zuen AEBetako erakundeen egiturazko arrazakeria.