NAIZ

Omako Baso Margotua biziberrituko dute, oraingo kokalekutik hurbil

Omako Basoaren ondoko lursail bat aukeratu dute Agustin Ibarrolaren obrarentzat, margotutako zuhaitzen egoera txarrari aurre eginez artelanari etorkizuna emateko. Kokaleku berria datorren udan irekiko da. Ordurako margotuta egongo dira multzorik ezagunenak.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia eta Joseba Ibarrola Agustin artistaren semea, Omako Baso berria aurkezten. ( Monika DEL VALLE / FOKU)
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia eta Joseba Ibarrola Agustin artistaren semea, Omako Baso berria aurkezten. ( Monika DEL VALLE / FOKU)

Omako Baso Margotua Basobarri mendira aldatuko dute, gaur egungoaren ondoan dagoen hamahiru hektareako lursail batera. Hala jakinarazi dute ostiral honetan Bizkaiko Foru Aldundiak eta Agustin Ibarrolaren familiak. Obrak «bizitza berreskuratuko du, bere etorkizuna», baieztatu dute.

Foru Aldundiak baso berri bat erosi du Ibarrolaren obrarentzat, gaurkoari itsatsita dagoena. Unai Rementeria ahaldun nagusiak azpimarratu du Basobarri artelan berarentzako «mihise berria» dela. «Lekua aldatzen da, bai; baina ez obra. Gure ingurunearekin, iraganarekin eta orainarekin duen konplizitatea. Ereñozarreko San Migelekin eta Santimamiñerekin duen lotura sakona». Esan duenez, Omako haranak kultur erreferente izaten jarraituko du.

27 proposamen aztertu eta ahalik eta aditu gehienengana jo du ondotik hautatu dute Basobarri. Lehenik, gaur egungo basoaren ondoan dagoelako. Baita intsinis pinuak egokiak direlako eta adin onenean daudelako ere, 30 eta 35 urte bitartean. Lurraren morfologia ezin hobea da pinturak Ibarrolak pentsatu zituen bezala ulertzeko, eta basoaren ondoko sarbide eta azpiegitura berberak erabil daitezke.

«Urdaibai eta Omako haran magikoa izaten jarraituko du, eta asko hobetuko dugu mantentze lanak egiteko eta, batez ere, larrialdiei aurre egiteko irisgarritasunean», nabarmendu du Rementeriak. Urtean 100.000 bisitari ere hartu izan ditu basoak.

Aurreikuspenen arabera, 2022ko maiatzean hasiko dira, EHUrekin elkarlanean, lehenengo multzoak margotzen. Baina urte bereko udan jada zabaltzeko asmoa dute, ordurako multzo ezagunenak margotuta egongo direla kalkulatuz. Obra osatzen jarraituko dute basoa publikoari irekita dagoen bitartean ere.

2023ko udan, bere edertasun osoan

Lanak 2023ko neguan geldituko dira, eta Omako Baso Margotuaren edertasun osoa berriz ere 2023ko udan erakusteko itxaropena dute.

Artista bizkaitarraren lanik esanguratsuenetakoa den honi bizi berria emateko milioi bat euroko inbertsioa egitea espero dute.

«Kultura garaikidearen eta nire herriko milaka urteko kulturaren arteko harremana ezartzen saiatu naiz, hor baitaude nire sustraiak», azaldu du Ibarrolak berak bere obrari buruz.

Foru proiektuaren helburu nagusia Ibarrolaren sorkuntza artistikoari jarraipena ematea da, «eskualdean sendotu den garrantzi bereziko kultur proposamena eta Bizkaia osorako baliabide garrantzitsua» dela kontuan hartuta.