Jon Ormazabal

Txapel lehortea ardoz busti du Baikok Logroñoko erronkan ere nagusituta

Martijaren amaierako txakalaldia aprobetxatuta, Laso-Imazek puntu erabakigarria lortu dute Altuna eta Etxeberrikoaren aurka 18-13ko kontrako emaitza irauli ostean.

Buruz buruko hiru porroten ostean, Altunari irabazteko gai izan da Laso binaka. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Buruz buruko hiru porroten ostean, Altunari irabazteko gai izan da Laso binaka. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Azkenaldi luze honetan lehen mailako txapel ofizial guztiak Asperen palmaresera joan badira, udako desafioekin ederki bete dituzte Baikoko pilotariek euren biltegiak. Iruñean olioarekin gertatu bezala, Logroñon ere Bilboko enpresako pilotariek irabazi dute erronka, lehen bi partidak, lau eta erdikoa (Zubizarretak) eta binakakoa (Laso-Imazek) irabazita.

Ardoaren erronka lau eta erdiko partida batekin hasi da eta bertan Iraitz Zubizarreta ataundarra Javi Zabala baino askoz hobeto moldatu da kaiolaren barruan jokatzera eta Baikorentzat lehen puntua eskuratu du 14-22 gailenduta. Oldarkor arituta eta angeluak arerioak baino hobeto topatuta, goierritarrak hasiera-hasieratik hartu du aldea markagailuan 6-1 eta 15-4 eta gero abantaila hori ondo kudeatu du, kantxan askoz hobeto jarrita.

Deseroso aritu da Zabala Zubizarretaren efektuen aurka eta partida oso maldan gora zuenera arte ez du asmatu bere dohainei zuku pixka bat ateratzen, pilota gogor astintzen du, baina oraingoz kaiolan bere lekua topatu ezinda jarraitzen du.

Estelarrerako Altuna eta Laso elkarren aurka jarri dituzte berriz ere enpresek, gaurkoan binaka, eta buruz burukoetan gertatutakoaren kontra, garaipena nafarrentzat izan zen, Imaz sendo batek lagunduta 20-22 gailendu baitzitzaizkien amezketarrari eta partida oso justu amaitu zuen Martijari. Esan genezake, gainera, gaurko binakako partidan uda honetan bi aurrelariek jokatutako demen garapen oso antzekoa izan duela, baina gaurkoan Laso izan da partidari buelta emateko gai izan dena.

Eta hori gauzak oso zail jarri zaizkiela urdinei Altuna eta Martija 18-13 aurreratu direnean. Ordura arte, atzelarien indarrak paretsu izan diren bitartean, nahiz eta hasieratik Julen Martijak zalantzaren batzuk azaldu dituen, aurrelarien eraginkortasunaren baitan joan da partida eta hor Jokin Altuna nagusitu da, gehiago egin eta dezente gutxiago galdu baitu. Udan zehar eskuekin zenbait arazo izan dituen arren, fresko ikusi dugu amezketarra eta Lau eta Erdikora sasoian helduko dela dirudi.

Kontua da, partida luzatu den heinean, Martijak nabarmen egin duela behera bere errendimenduan, Baikokoek hura zigortzen asmatu dute eta Lasok aukera dezente hobeak eta ugariagoak izan ditu partida irauli eta 1200 botila ardoak irabazteko.

Dariok sasoian jarraitzen du

Azken emaitzan dena erabakita bazegoen ere, Dario eta Asier Agirre aritu dira buruz buru eta Ezcaraykoak sasoi izugarrian jarraitzen duela berretsi du, nahiz eta ostegunean 18 garaipenetako bolada eten zitzaion. Pilota abiaduraz irten zaio errioxarrari eskutik eta hasiera-hasieratik hartu du jokoaren eta markagailuaren agintea. Asier Agirrek izan du bere susperralditxoa, baina Aspekoa 22-11 nagusitu da 15 tanto egin eta bakarra galduta.