NAIZ
Iruñea

Bigarrenez absolbitu dute 14 urteko alabordeari sexu abusuak egiteagatik epaitutako gizon bat

Nafarroako Auzitegiko Bigarren Atalak errugabe jo du, bigarrenez, Iruñean 14 urteko alabaordeari sexu abusuak egitea leporatuta epaitu zuten gizon bat.

Iruñeko Justizia Jauregia. (Eduardo SANZ/EUROPA PRESS)
Iruñeko Justizia Jauregia. (Eduardo SANZ/EUROPA PRESS)

Ohar baten bidez, Nafarroako Auzitegiak jakinarazi du bigarren aldiz absolbitu dutela 14 urteko alabaordeari sexu abusuak egitea egotzita epaitu zuten gizon bat.

Epaile aurrean egin zuen deklarazioan, adingabeak bere aitaordea errugabetu zuen. Azaldu zuenez, aitaordea sofan lo eta «mozkor» zegoela, gainean jarri zitzaiola eta sexu harremana mantendu zuela, auziperatutako gizona ohartu gabe. Adingabeko neskatoa haurdun geratu zen eta DNA frogek baieztatu zuten auzipetua umearen aita zela.

Iragan ekainean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak absoluzioa bertan behera utzi zuen eta epaia berriro emateko agindu zion Auzitegiari. Justizia Auzitegi Nagusiko Arlo Zibil eta Penaleko Salak, auzipetuaren errugabetzeak «justifikazio nahikorik» ez zuela iritzita, auzitegi epai-emaileari leporatu zion frogatutzat jotako egitateak ez zeudela modu argian zehaztuta, ezta egindako frogen analisi eta balorazio batean oinarrituta ere.

Auzitegi Nagusiaren agindu horri jarraiki, Auzitegiko Bigarren Atalak epaia eman du berriro, joan den apirilean emandako baldintza berberetan.

Bigarren ebazpen horretan, Auzitegiak berriro baieztatu du «ez dela behar bezala egiaztatu» akusatutako aitaordeak «kontzienteki eta borondatez parte hartu zuenik sexu-harreman horretan». Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Arlo Zibileko eta Zigor Arloko Aretoan jar daiteke erabakiaren aurkako helegitea.

Epaileen ustez, frogatuta dago, auzitegiko medikuen arabera, «ikuspuntu teorikotik posible dela zakila erekziooan egotea».

Era berean, frogatutzat jotzen da sexu harreman horren ondorioz adingabea haurdun gelditu zela «auzipetuak eta familiak horren berri izan gabe». 2018ko abenduaren 1ean erditu zen arte.

Egun horretan, Nafarroako Ospitale Guneko gizarte-langile baten aurrean, gazteak adierazi zuen pertsona batek edo batzuek sexu-abusua egin ziotela. Txakurra paseatzen ari zela «begiak estali eta lo hartuarazi» zutela azaldu zuen.

Ondoren, abenduaren 7tik aurrera, neskatoak bertsioa aldatu zuen eta bere aitaordearekin harreman sexuala berak burutu zuela kontatu zuen.

Martxoaren 5eko epaiketan, fiskalak eta akusazio partikularrak sei urteko espetxe-zigorra eskatu zuten 16 urtetik beherako adingabeari sexu-abusuak egiteagatik, mozkor egotearen aringarriarekin. Defentsak, berriz, absoluzioa eskatu zuen.

Bigarren ebazpen honetan epaileek azpimarratzen dute akusatuak zein salatzaileak gizona errugabetzen zuen deklarazioari eutsi diotela.