Maitane Aldanondo

Eskualdea garatu eta ahalegina saritu

Goieki Goierriko Garapen Agentziak abian du Enpresa Ekimen Berrien XXIV. Sariketa. Uztail amaieran ireki zuen proiektuak aurkezteko epea, eta hautagai izan nahi duten eskualdeko enpresek edota ekintzaileek ostegunera arte dute horretarako aukera.

Pandemiaren ondorioz, 2020an bertan behera utzi zuten Enpresa Ekimen Berrien Sariketa. Aurten, berriz, lehiaketa aurrera eramatea erabaki du Goiekik. (GOIEKI)
Pandemiaren ondorioz, 2020an bertan behera utzi zuten Enpresa Ekimen Berrien Sariketa. Aurten, berriz, lehiaketa aurrera eramatea erabaki du Goiekik. (GOIEKI)

Ia mende laurden urratua du Enpresa Ekimen Berrien Sariketak. Goierriko Garapen Agentziak martxan jartzeko arrazoia eskualdean ideia berritzaileak «azaleratzea eta sustatzea» izan zen; izan ere, orduko hartan langabezia tasa altua baitzen, krisi ekonomikoaren ondorioz. Agentziak asmo haiek Goierrin bertan egia bihur zitezela bultzatu nahi zuen, eta orain ere, «eskualdeko ekonomia berpizteko eta eguneratzeko kultura indartzea dakarten proiektu guztien alde» dihardu. Lehiaketaren bidez, negozio ideiak identifikatzen eta abiarazten laguntzen die Goiekik ekintzaileei, eskualdean lanpostuak eta aberastasuna sortzeko xedez.

Pandemiak eragindako urtebeteko etenaren ondoren, «dena prest egon ez arren», aurten bueltan da lehiaketa. Iaz sariketa ohiko moduan aurrera eramatea ezinezkoa zenez, sarien zenbatekoarekin laguntzak ematea erabaki zuten antolatzaileek; hala, Berrabiarazi proiektua jarri zuten martxan, bailarako enpresei diagnosi bat egin eta askotariko errealitateak ezagutzeko. 2021ean hautagaitza aurkezteko epea ostegunean, irailak 30, itxiko dute. Dei eta mezu elektroniko ugari jaso dituzte garapen agentzian eta askok adierazi dute interesa. Egun gutxiren faltan kopurua aurreko urteetakoaren oso parekoa bada ere, «markak hausteko aukera» ikusten dute Goiekiko arduradunek.

Lehen urteetan negozio ideia berriak epaitu zituzten, baina jabetu ziren oso onak baziren ere, batzuetan ez zirela bideragarriak. Hortaz, enpresa proiektu berritzaileak aintzat hartzera eta saritzera igaro ziren. Egun, hiru kategoriatan parte har daiteke: enpresa ekimen berriko proiektua, «erakargarriena» eta zabalduena; enpresan aurrera eramandako proiektu berritzailea, eta gizarte inklusioa ekintzailetzaren bitartez. Azken hori 2019an sortu zuten. Lehen kategoria da ibilbide luzeena duena eta, beraz, ezagunena. Bertako proiektu onenak 6.000 euro jasoko ditu, eta, kooperatiba izaera badu, beste 3.000 euro. Gainerako bi ataletako onenek, berriz, 2.000 euro.

Ez da dirua, ordea, irabazleek jasotzen eta eskertzen duten gauza bakarra; beste alderdi batzuen garrantzia ere aitortu ohi dute. Jon Aramendiak 2019an jaso zuen saria Dataola proiektuagatik eta argi du hastapenetan dirua beti «laguntza bat» dela. Atzera begira, ordea, horrenbeste ideien artean aukeratua izateak bere ustea berretsi eta konfiantza eman ziola onartu du. «Haiek uste badute nire ideia ona dela, posible da bezero potentzialek ere baloratzea. Segurtasuna ematen dizu». Ez asmoarekiko bakarrik, baita besteekiko ere. «Hirugarren batek balio bat ematen dizu, ziurtagiri bat. Horrek laguntzen dizu eta ateak irekitzen dizkizu».

Horrez gain, lanerako leku bat izateari ere garrantzia eman dio. Batetik, «base bat» da, bere garaian etxetik aritzen baitzen; bestetik, «irudia» ere bada, leku bat baitu «norbaitekin egoteko, bisita bat jasotzeko, helbidea emateko...». Halaber, «detaile txikietan» ere Goiekiko jendeak emandako laguntza eskertzen du. «Bulegoan ez banago eta norbaitek pakete bat jasotzen badit, mesede handia da», azaldu du Aramendiak.

Abantaila horiek guztiak aintzat hartuta, parte hartzera animatu ditu aukera duten bailarako ekintzaile eta enpresariak. «Sari bat da eta ezagutzera ematen laguntzen dizu. Bestalde, ekintzaileak baloratzen ohituta dagoen talde batek zure ideia aztertzen du. Zuretzako beti ondo egongo da, baina adituen ikuspegia ematen dizu», laburbildu du.

Haziak landatu

Goiekik bi hamarkada baino gehiago daramatza negozio ideia bat duten ekintzaileekin lanean, enpresa proiektuaren edozein fasetan laguntza eta aholkularitza emanez. Ohikoekin batera, martxan jarri berri duen Indargune zerbitzua ere badu. Helburua, alde batetik, enpresen kontsolidazio fasean laguntzea da, eta, bestetik, beraien negozioari buruzko kezkak eta galderak argitzea, esaterako, enpresaren errentagarritasunari edota ondorengotzari lotutakoak. Ekimen berriak, berritzaileak eta balio erantsi handikoak bultzatzen ditu. «Enpresa sarearen etorkizuneko iraunkortasuna lortzeko haziak landatzen ari gara», zehaztu du Garapen agentziako komunikazio arduradun Josune Sesmak.

Martxan denetik 430 izan dira bere inkubategiaren gidaritzarekin Goierrin abiarazitako negozioak, batez beste, 17 urtean. Joera goranzkoa da, 2019an 42 eratu baitzituzten, iaz, 24, eta, aurtengo lehen zazpi hilabeteetan, 15. Sesmak nabarmendu bezala, «gezurra badirudi ere, hainbat sustatzaileren animoak gogor iraun du garai zailotan, eta esfortzuarekin eta motibazioarekin negozioak abian jarri dituzte».

Egoera zailetan ere negozio berri bat martxan jartzea posible dela erakusteaz gain, pandemia urtean eratutako enpresek 34 lanpostu sortu dituzte Goierrin eta inbertsio maila 375.000 eurokoa izan da. Eskualdeko ekintzaileen profilari dagokionez, berriz, %60 emakumezkoak dira, %53k goi mailako ikasketak dituzte, eta %36k 25-35 urte artean.