Jon Garmendia
Biarritz

Biarritzen Latinoamerikako kultura 30 urtez eraberritzen

Ivan Fund argentinarraren ‘Piedra Noche’ luzeak zabaldu du asteartean Gare du Midin Latinoamerikako jaialdia. Pandemiak eragin zailtasunei aurre eginaz normaltasunera itzultzen ari da jaialdia, 30. edizioak proposamen interesgarriak ditu zinema, literatura eta musikan.

‘Piedra noche’ argentinarra. Donostiako Zinemaldian ‘Horizontes Latinos’ sailean ere ikusi ahal izan zen. (DONOSTIAKO ZINEMALDIA)
‘Piedra noche’ argentinarra. Donostiako Zinemaldian ‘Horizontes Latinos’ sailean ere ikusi ahal izan zen. (DONOSTIAKO ZINEMALDIA)

Mundu mailan ukaezina da koronabirusak eragin duen lurrikara emozionala, anitz jendek galdu du hurbileko norbait eta horren guztiaren oihartzun gisa ageri da Biarritzen asteartean aurkeztu diren ekoizpen berri gehientsuenek heriotza, bakardadea edo galera baten historia dutela ardatz nagusi.

Adibidez, fikziozko luzeetan aurkeztu diren hamarretik seik heriotza dute lokailu nagusia. Ivan Fund argentinarraren ‘Piedra Noche’ da haietako bat, eta berari egokitu zitzaion 30. edizioa irekitzea; bere nerabezaroari egindako keinuekin josi du zuzendari izateaz gain musika konpositore den argentinarrak zortzigarren luzea duen hau, hala nola Steven Spielbergen erreferentzia fikziozko gertakari bat kontatzeko.

Greta eta Bruno bikoteak 9 urteko seme bakarra galtzen dute itsas bazterrean, hortik landa bakoitzaren mina eta dolua nagusitzen dira filmaren irudietan , hirugarren pertsona baten presentzia baliatzen delarik hariaren kontakizuna egiteko, Gretaren txikitako lagun batena, Sina. Nola itzuli lehengora, nola bueltatu haurtzarora? galdera potoloak sakontasunez planteatzen dira paisaien irudi ederrak biltzen dituen kontakizun interesgarri baten bidean.

​Dramaren putzu iluna

Maximiliano Schonfelden ‘Jesús López’ luzea, izen bereko auto gidari bati buruzko fikzioa da, istripuz hiltzen den piloto gazteak, aita eta ama tristezia eta hutsunearen arteko amildegian kokatzen ditu, non eta bere lehengusu Abelek haren tokia betetzeko ahalegin egiten duen arte. Filmatzeko modu berezia du Schonfeld zuzendariak, plano eta eszena bitxiak erabiliaz, genero zinematografiko desberdinak bakar batean lotzeko abilezia.

Luzearen nondik norakoa anitz maite duen idazle baten esalditik atera zuela aitortu zuen aurkezpenean, gazte hil diren pertsonak haserre hiltzen direla ohartaraziz, bizitzen jarraitzen dutenei inbiria dietelako agidanean.

Errail beretik jotzen du ‘Candela’ luzeak, dramarenetik. Andres Farías dominikarraren luze honek azpimundu bat dakar bistara, poeta eta droga trafikatzaile gazte baten hilketa kontakizun harturik. Santo Domingo katastrofe klimatiko baten aitzinean, klase sozial guztiak kolpatuko dituen hurakana dute atejoka uhartean, baina batzuen izua beste batzuen eguneroko ogia da.

Hiru zatitan egindako proposamen txukuna, hiru errealitate historia bakar batean lotzeko. Horra bestalde, Abrazo saria eskuratzeko hiru luze, publikoak txaloka jaso zituen hiru hautagai.