Jon Ormazabal

Normaltasunerako bidea hartu nahi du esku pilota profesionalak Lau eta Erdikoarekin

Elordi eta Artolaren arteko partidak emango dio hasiera txapelketari ostiral honetan Mallabian eta finala Bilbon jokatuko da azaroaren 14an. Ez da inolako atzerapenik onartuko eta bi finalistetako batek arazoren bat izango balu, hirugarren sailkatuak jokatuko luke.  

Kaiolan parte hartuko duten 12 pilotariak Bilboko Bizkaia pilotalekuan. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Kaiolan parte hartuko duten 12 pilotariak Bilboko Bizkaia pilotalekuan. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Pandemiak eragindako zalantza eta arazo guztiak atzean utzi eta normaltasunerako bidea hartu nahi du esku pilotak ostiral honetan Mallabian hasiko den Lau eta Erdikoarekin. Pilotazaleek azken asteetan emandako erantzunarekin udako nahiko balantze baikorra egin dute eta esperantza dute, pixkanaka-pixkanaka gauzak bere onera etorriko direla.

Iazko estutasunak ahaztu eta ohiko egutegiaz gain, final zortzirenetako ligaxka ere berreskuratuko du lehen mailako kaiolak, Jokin Altuna, Erik Jaka, Joseba Ezkurdia eta Oinatz Bengoetxea zerrendaburu dituela. Finala azaroaren 14rako dago iragarria eta aurkezpenean azaldu dutenez, ez da inolako atzerapenik onartukoeta bi finalistetako batek arazoren bat izango balu, hirugarren sailkatuak jokatuko luke. Iñaxio Errandoneak azaldu duenez, egutegiak ez du atzerapenik onartzen, Binakako txapelketa finala jokatu eta hurrengo asteburuan hasiko baita.

Aspeko seigarrena, Victor

Parte hartzeari dagokionez, zalantza bakarra Aspeko seigarren parte hartzailearen ingurukoa zen, are gehiago Zabaletak igandean jokatzea gustatuko litzaiokeela esan ondoren, baina azkenean San Mateotako torneoa irabazi duen Victor aukeratu dute. 

Bilboko Bizkaia pilotalekuan egindako zozketaren ostean hauexek izango dira kanporaketak:

A) Elordi vs. Artola (Mallabia, urriak 1)             

D) Peio Etxeberria vs. Elezkano (Tolosa, urriak 4)

   Final laurdenetako ligaxkan, Altuna III.a (lehen partida A adarreko irabazlearen aurka) eta Bengoetxea VI.a (lehen partida D adarreko irabazlearen aurka)zain

B) Urrutikoetxea vs. Victor (Lekeitio, urriak 3)

C) Laso vs. Peña II (Donostia, urriak 2)

   Final laurdenetako ligaxkan, Ezkurdia (lehen partida C adarreko irabazlearen aurka) eta Jaka(lehen partida B adarreko irabazlearen aurka) zain.

Ekitaldi honetan San Mateotan amaitutzat eman duten 2020-2021 denboraldian EPEL-eko rankingeko onenaren saria eman diote Jokin Altunari.