NAIZ

Euskal Selekzioak joko zuzenen Trobada Mediterranea txapelketan parte hartuko du

Joxe Mari Mitxelena hautatzailearen aginduetara ariko diren bederatzi pilotariak Valentzia, Catalunya, Italia, Portugal eta Frantziako selekzioetako ordezkarien aurka lehiatuko dira wall-ball, joko-internazionala eta llargues modalitateetan.

Euskal Selekzioko kideak beste txapelketa batean ateratako argazkian. (EEPF)
Euskal Selekzioko kideak beste txapelketa batean ateratako argazkian. (EEPF)

C.I.J.B. erakundeak Euskal Pilota Federazioa bere kide bezala onartu zuenetik, joko zuzenen Euskal Selekzioa bere nazioarteko ibilbidea jorratzen ari da eta asteburu honetan nazioarteko federakuntzak antolatzen duen Trobada la Mediterranea txapelketan parte hartuko du Valentziako Simat de la Valldigna eta Benifaró udalerrietan. Euskal Selekzioaz gain, Valentziako, Catalunyako, Italiako, Portugalgo eta Frantziako selekzioek hartuko dute parte.

Lehiaketa hau senior mailan jokatuko da wall-ball-ean (emakumezko eta gizonezkoetan), Joko Internazionalean (emakumezko eta gizonezkoetan) eta gizonezkoen Llargues modalitateetan.

Ia herrialde guztietakoak

Jose Mari Mitxelena hautatzaileak bederatzi pilotariz osatutako taldea eraman du ostiralean hasi eta igandean amaituko den txapelketan parte hartzeko. Nesketan Leire Garai arabarra, Miren Larrarte eta Naroa Agirre gipuzkoarrak eta Olatz Ruiz de Larramendi nafarra. Mutiletan berriz, Egoitz Amantegi, Ibai Cimadevilla, Mikel Beldarrain eta Lur Ziarrusta bizkaitarrak eta Pantxo Valencia izan dira aukeratuak.

Joko zuzenak pilota modalitate zaharrenak diren arren, Euskal Selekzioa nahiko berria da halako txapelketetan, orain dela gutxi berreskuratu baitira joko molde hauek gurean, baina pixkanaka-pixkanaka maila gora egiten ari da nabarmen eta emaitza onak espero dituzte Valentziara joandakoek.