NAIZ

Matthew Wallsek bere indarra atera eta esprintean irabazi du Gran Piemonte lasterketa

Tokioko Olinpiar Jokoetan omniumeko proban txapeldun izandako britainiarra azkarrena izan da, Nizzolo (Qhubeka) eta 19 urteko Kooijen (Jumbo) aurretik sartuz. Alex Aranburuk 14. postuan amaitu du. Bora Hansgrohe taldeak «dobletea» egin du ondoren, Jordi Meeus belgikarrak Paris Bourgesen irabazita.

Matthew Walls britainiarra (Bora) azkarrena izan da helmugan. (GRAN PIEMONTE)
Matthew Walls britainiarra (Bora) azkarrena izan da helmugan. (GRAN PIEMONTE)

Gran Piemonteko 105. edizioak badu garaile berri bat: Matthew Walls britainiarra (Bora Hansgrohe). 23 urteko txirrindulariak esprintean irabazi du 168 kilometroko ibilbidea izan duen Rocca Canavese eta Borgosesia arteko lasterketa.

Gaur egun ez da hain arraroa egiten, baina gogoratu behar da Walls pistatik datorrela. Ez hori bakarrik, Tokioko Olinpiar Jokoetan urrea kolkoratu zuen udan omniumeko proban; eta zilarra eskuratu zuen madisonen Ethan Hayterrekin batera.

Gauzak hala, bere indarra erakutsi du gaur Gran Piemonteko esprint luzean Giacomo Nizzolo italiarra (Qhubeka) eta 19 urte besterik ez dituen Olav Kooij herbeheretarrari (Jumbo Visma) gailentzeko. Alex Aranburu gipuzkoarra (Astana) 14. postuan helmugaratu da.

Gaurkoa Wallsek profesional mailan lortzen duen bigarren garaipena da. Lehenengoa denboraldi honetan bertan lortu zuen, Norvegiako Itzulian. Bere taldea Bora Hansgroherentzat, aldiz, 29. garaipena izan da Gran Piemontekoa.

Lasterketako ibilbidea ikusita, esprintean erabakiko zela argi eta garbi ikus zitekeen. Izan ere, igoera bakarra zegoen ibilbidean, La Serra (6,5 kilometro %5,2an). Hori bai, iragarpenak apurtzeko zenbait abenturazale agertu dira.

Eguneko ihesaldian 27 kilometro iraun duten lau txirrindulari sartu dira: Marc Soler, Boaro, Moniquet eta Jensen. Tropelak momentu guztian kontrolpean izan ditu, harrapatu eta esprinterako prestatu dira.

Bertan, Wallsek bere indarra erakutsi eta Nizzolo eta Kooij–Kroaziako Itzulian bi etapa irabazi zituen– baino azkarragoa izan da palmaresean George Bennett zeelandaberritarraren oinordeko izateko.

Jordi Meeusek 30. garaipena eman dio Bora Hansgrohe taldeari

Bora Hansgrohe taldeak «dobletea» egin du gaurkoan. Izan ere, Paris Bourgeseko 71. edizioa irabazi du Jordi Meeus belgikarrak. Guztien artean faboritoa zen Arnaud Demare frantziarra (FDJ) baino azkarragoa izan da. Niccolo Bonifazio italiarrak (Total Energies) hirugarren amaitu du.

Gauzak hala, Hungariako Itzulian etapa bat irabazi zuen 23 urteko Meeusek aurtengo 30. garaipena eman dio Bora Hansgrohe taldeari.

Jordi Meeus, Demare eta Bonifazioren artean Paris Bourgeseko podiumean. (BORA HANSGROHE)

Bost txirrindularik eguneko ihesaldian parte hartu dute, horien artean Ibon Ruiz gasteiztarra (Kern Pharma). Berarekin batera Gallopin (AG2R), Leveau (Xelliss-Roubaix), Carisey (Delko) eta Bassett (Rally) aritu dira eta 6 minutuko abantaila lortu dute.

70 kilometroren faltan, Gallopin bakarka abiatu da eta ihesaldia apurtzea lortu du, baina Groupama-FDJ –Demarerentzat lanean– eta Alpecin-Fenix taldeek erritmoa bizitu dute tropelean eta 40 kilometroren faltan, Cota de la Chapelotteko gailurran alegia, taldea batu egin da.

Hortik helmugara bitartean saiatu egin dira ihesaldia sortzen, baina FDJ bezalako taldeek esprinta nahi zuten, eta loetu egin dute. Hala, Arnaud Demare izan da lehena abiatzen, baina Jordi Meeus indartsuago zegoen eta garaipena lortu du.

Wiebesentzat izan da garaipena The Women's Tour-en

Lorena Wiebes (DSM) herbeheretarrak irabazi du 117,8 kilometro izan dituen The Women's Tour-reko hirugarren etapan, Shoeburyness eta Southend-on-Sea artean korritu dutena. Bere herrikide Demi Volleringek (SD Worx) lidertza mantentzea lortu du.

22 urte dituen Wiebesek 34 garaipen ditu bere palmaresean. Gaurkoan, abiadura puntu itzela lortu eta Chiara Consonni italiarra (Valcar) eta Chloe Hosking (Trek Segafredo) australiarra baino azkarragoa izan da sprintean. Bestalde, Vollering garailearen denbora berean sartu da eta sailkapen nagusiko lehenengo postua mantendu du. 1:09ko abantaila ateratzen dio Juliette Labous frantziarrari (DSM) eta 1.19 Clara Copponiri (FDJ).

Lorena Wiebes bere aurkariak baino azkarragoa izan da sprintean. (THE WOMEN'S TOUR)

Laugarren tokian Movistarreko Sheyla Gutierrez helmugaratu da. Errioxarra protagonismoa izan du etapan, bakarkako ihesaldiren bat ere saiatuz. Izan ere, helmugarako 48 kilometroren faltan, hautagai nagusiak atzean uzten ahalegindu da. Bere erasoari esker 40 segundoko abantaila eskuratu du, baina ihesaldia moztu dute.

Euskaldunen artean, Ane Santesteban (BikeExchange) talde nagusian heldu da eta 42. postuan helmugaratu da, Lourdes Oyarbide (Movistar) bezala, 45.ena. Arabarra 25. postuan dago sailkapen nagusian, liderrarengandik 3:01era. Oreretako txirrindularia, aldiz, 27. tokian dago, 3:08ra.

Ostiral honetan Colchester eta Clacton arteko bosgarren etapa korrituko dute, 95,4 kilometroko ibilbidearekin.